Beran «hainbat bandalismo kasu» salatu ditu udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 7a, 15:30

Kantauriko Ur Konfederazioak bi pertsona salatu ditu ingurumenaren aurkako ekintzengatik.

Azkeneko astetan Beran «hainbat bandalismo kasu» gertatu dira, gehienak asteburuko ordu txikietan; «kontenedoreak errekan bukatzen dute, Altzateko plazan kultur ekitaldietarako ditugun aulkiak ere errekan agertu dira, hainbat trafiko seinale lurrean, loreontzi eta hiri altzariak xehetuak...».

Udalak ekintza hauek «behin baino gehiagotan» salatu dituela adierazi du, baina «afera zuzendu beharrean okertzen ari denaren sentsazioa dugu». Usategietako txabolan zaborra non-nahi eta leihoak puskatuta agertu zirela oroitarazi dute, baita aste honetako Eztegara frontoiaren erabilera desegokia. Azkena Agerrako haur parkean gertatutakoa izan da; «gauez gaztetxoak biltzen dira han eta suteak sortu izan dituzte, parkea kaltetuz. Zola berria paratu genuen orain dela aste batzuk».

Kalte hauek eremu publikoetan gertatu direla adierazi dute, eta «gutxiengo batek» egindakoak «beratar guztien poltsikotik ordaintzen dugula» oroitarazi dute. Jarrera hau sendotzeko «lanketaren bat egin behar dela» diote, «familiek, ikastetxeek eta gizarte eragileek orokorrean badugu lana». Honez gain, eremu pribatuetan ere herritarrek kalteak jasan dituztela jakinarazi dute; «hesiak, loreontziak, kotxeen ispiluak... zerrenda amaiezina da».

Jarrera hau «guztiz salagarria eta onartezina» dela adierazi dute, «egia da nekatuak gaudela pandemiarengatik, baina aitzakia bezala erabiltzen dute ekintza hauek justifikatzeko». Bi pertsona identifikatu eta salatuak izan dira errekara kontenedorea botatzeagatik; «Kantauriko Ur Konfederazioak ingurumenaren aurkako ekintzaile gisa salatuko ditu. Zigorrak handiak izan ahal dira salaketa honek aitzinera egiten badu».

Berako Udaletik deia egin dute espazio eta ondasun publikoak zaintzeko. «Denonak diren gauzak denok gozatzeko aukera izanen dugu, eta herria txukun eta politago mantenduko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun