«Betikoek egiten dituzten zabarkeriak eta astakeriak» gogor salatu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 13:00

Igande goizean hondakinen edukiontziak eta zabor poltsak Berako Zia errekan agertu ziren eta «besta giroan errepikatzen den gertakaria» «gogor salatu» du Berako Udalak ohar bidez.

«Hau al da besta egin, ongi pasa, ospatzeko eta gozatzeko modua?». Galdetu du Berako Udalak oharrean, eta honela gaineratu du: «Pentsatzen genuen, edo hola aipatu da pandemia honetan, pandemia honek aldatu eginen gintuela. Ezin genuela lehengo normaltasun ez-solidariora bueltatu. Baina argi dago batzuek berdin jarraitzen dutela eta berdin jarraitu nahi dutela, hau da, beraien anormaltasun partikularrean».

Edukiontziak eskolatik hurbil bota izana ere kritikatu du Berako Udalak: «Astelehen goizean haurrak eskolara iristean eta zabarkeria hori guztia errekan ikusten dutenean, zer pentsatuko dute? Sumatu ditzakegu beraien galderak: 'Nork egin du hori? Zergatik egiten dute hori? Irakasleak erreka garbi mantendu behar dugula erraten digu eta... gainera larunbatean ingurugiroaren nazioarteko eguna izan zen, eta hainbat lan egin genituen astean zehar. Jo eta ikusi nola dagoen erreka orain...'».

«Auzolotsa»

Egoera ikusita, «zerbait gaizki egiten ari garela» uste du udalak. «Ahoa betetzen zaigu larrialdi klimatikoaz, energia berriztagarriez, ekologismoaz, CO2ren isurketak jaitsi beharraz, jasangarritasunaz eta abar, solasean, eta Beran besta den aldiro, zabor edukiontziek errekan bukatzen dute. Auzo-lotsa sentitzen dugu. Ederki gaude gu munduaren biziraupena salbatzeko, etxea garbi mantentzen ere ez dakigu eta».

Edukiontzi horiek botatzean sortzen duten gastu ekonomikoa ere aipatu du udalak oharrean: «edukiontzi horiek dirutza balio dute, eta hori denon sakelatik ordaintzen dugu».

Udalak «argi» utzi nahi izan du «Berako jendartearen gehiengoaren jarrera eta portaera eredugarriak» direla, eta hori azpimarratu nahi izan du. Baina «betikoek egiten dituzten zabarkeriak eta astakeriak salatzen segituko» dutela jakinarazi du: «Beran ez ditugulako holako jarrerak onartzen». Hori horrela, errespetua eskatu du: «besta egin dezagun, baina errespetuz. Eta ongi pasatu, pasatu gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun