Koronabirusa

Beran, igande honetan, COVID-19aren proba eginen diete 15 eta 29 urte bitartekoei eta 60 urtetik goitikoei

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 28a, 20:15
Leitzan 2020ko irailean egin zieten PCR proba nahi zuten herritar guztiei

Pandemiaren intzidentziak Beran duen «bilakaera kezkagarriarekin» larriturik, igandean, urtarrilaren 31n, COVID-19aren proba egiteko gonbidapena egin die Osasunbideak 15 eta 29 urte bitarteko gazteei eta 60 urtetik goitiko helduei. Alkaiaga eta Zalain Zokoko biztanleek ere proba egiteko aukera izanen dute.

Berako Udalak gaur arratsaldean atera duen bandoan zehazten denez, bi adin tarte horietan dauden beratarrek hitzordu zehatza hartuko dute telefono dei baten bitartez. Ortzirale arratsaldean hasiko dira telefono deiak egiten eta hitzorduak ematen.

Probak egiteko Toki Ona kiroldegia prestatuko dute eta txertoen operatiboa 09:30ean hasiko da eta 20:00etan amaituko da.

Nork ez du proba egiteko beharrik?

Bi adin multzo horietako pertsonen artean, betiere, proba egitetik salbuetsiak daude azkeneko 10 egunetan PCR bat egin dutenak, eta baita azkeneneko hiru hilabeteotan PCR proba edo antigeno test batean positibo eman dutenak ere. Eta hasieran aipatu diren adin tarte horietan ez dauden beratarrek ere, jakina, ez dute igandean hitzordurik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun