Bortzirietako lehen mailako osasun arretari dagozkion lanpostuak bete gabe edo erdizka beteak segitzen dutela ohartarazi dute

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 26a, 10:00
Lesakako Osasun Zentroaren parean azaroan egindako elkarretaratzea. Osasun langileen eta erabiltzaileen eskakizunak oraindik bete gabe daude.

Zerbait mugitzen hasi bada ere, Bortzirietan lehen mailako osasun arretari dagozkion hainbat lanpostu oraindik hutsean edo erdizka beteak direla azpimarratu nahi izan du Ruth Gonzalez Santo Tomas Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariak. Hain zuzen, Osasun Zentroko langileen eskakizuna biltzen duen mozioa onartu berri dute Bera, Lesaka eta Etxalarko udalek eta laister aztertuko dute Arantza eta Igantziko udalek ere.

Osasun langileen eskakizun hauei babesa emanez hainbat elkarretaratze egin ziren joan den urte bukaeran eta orain mozioa ere onartzen ari dira Bortzirietako udaletan. Honen inguruan, Bortzirietan urriaren 1ean bete gabe zeuden sei lanpostuetatik hiru dagoeneko beteak daudela agertu da komunikabide batean, baina hori «egi erdia» dela aipatu du Ruth Gonzalezek. «Lesakako medikuaren lanpostua %50ean bete da, eta lehen lanpostu hori zuen medikua ari da landa eremuko larrialdi taldeko medikuaren lanpostuan. Egia da mediku-errehabilitatzaile bat hasia dela Iruñetik etortzen, baina oraindik ez dakigu zer maiztasunarekin etortzen hasiko den. Oraingoz behin etorri da. Ezin da erran hori betea dagoenik oraindik». Aipatzekoa da duela bi urtera arte astero etortzen zela mediku-errehabilitatzailea, gero hamabortzean behin jarri zuten eta joan den urteko otsailaz geroztik, ia urte betez ez da etorri. Horren eraginez, Bortzirietako 50 paziente baino gehiago erreserban daude, mediku-errehabilitatzailearen kontsultaren esperoan.

Bertze horrenbertze gertatzen da Berako pediatria lanpostuaren hutsunearekin, «medikuetako batek betetzen du lan hori, jardunaldi erdian, baina laister aitatasun-baja hartzekotan da eta, beraz, berriz hutsean geldituk da hamasei astez bederen».

Arantzan lanaldi erdian eta asteburuetan aritzeko administrari baten plaza oraindik bete gabe dago, baita Berako kontsultako administrariarena ere.

Alde horretatik, Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariek uste du osasun langileen eskakizunek zutik dirautela eta betetzeko falta  diren lanpostu horiek betetzea funtsezkoa dela, «garai zail hauetan oinarrizko zerbitzu bat eskaini ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun