Lehen mailako arretan nekatuta eta ezinean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 14a, 11:00
Lehen mailako osasun arretaren aldeko elkarretaratzea Lesakan.

Herriz herri lehen mailako arreta ematen duten osasun arloko profesionalak nekatuta mintzo dira, gainkarga handiarekin ari direlako. Profesionalak falta dituzte, eta Covid-19arekin egoera «gehiago okertu» zaie, diotenez, «osasun etxeko martxa hankaz goiti» jartzeraino.

«Profesionalak falta ditugu, gainkarga handia dugu eta nekatuta gaude». Ezinegona sumatzen da lehen mailako arretan ari direnen artean, egoera «konplikatua» delako, eta pazienteak «nahi bezala ezin artatuz» ari direlako lanean, «ezinean». Aski dela erranez, asteazkenetan elkarretaratzeak egiteari ere ekin diote eta Nafarroa mailan sindikatuek greba deialdiak ere egin dituzte. Grebak, ordea, «azken aukera» izan beharko lukeela uste dute Ruth Gonzalez Santo Tomas Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariak, Iñaki Marcos Zorroza Baztango Osasun Zentroko zuzendariak, Monica Martin Jimenez Doneztebeko osasun zentroko zuzendariak eta Iosune Uranga Agirre Leitzako osasun zentroko erizainen arduradunak, «gure pazienteek ez dutelako merezi atentziorik gabe gelditzea». Hala ere, garbi dute «aldarrikapenak eta gabeziak ageriko egiteko momentua» dela.

«Bortzirietan hainbat lanpostu hutsik ditugu»

Ruth GONZALEZ, Bortzirietako medikua 

Bortzirietan lanpostuak hutsik
Gaur-gaurkoz, Bortzirietan «hainbat lanpostu hutsik» dituztela kontatu digu Ruth Gonzalez Lesakako osasun zentroko zuzendariak. Alde batetik, «Lesakako mediku baten plaza hutsik dugu». Hori horrela, «Lesakako 1.200 paziente erreferentzia-medikurik gabe daude». Ordezkorik ezean, «gainerako medikuon artean artatu behar izaten ditugu paziente horiek, gure kupoaz gain, bertzeena ere gure gain hartuz». Baina hori «ez da ideala»: «ez dakigu noiz arte iraunen duen egoera honek eta hori da gehien kezkatzen gaituena». 

Lesakako postu horrekin gertatutakoaz aritu da Gonzalez: «plaza horrek euskara eskakizuna du eta profesionalak birkokatzerakoan, euskara eskakizuna betetzen zuen inor ez zegoela eta, Osasunbideak ez zuen lanpostua eskaini ere egin». Hori «bazterketa» iruditzen zaio: «euskara eskakizunak euskaraz dakiena etortzeko lagungarri izan beharko luke, eta ez euskaraz dakienik ez dagoela eta, plaza ez eskaintzeko». Urriaren 1az geroztik falta dute mediku hori, «orduan birkokatzen baitira langileak lanpostuetan», baina «maiatzetik bagenekien plaza horretan zegoen medikua bertze toki batera joanen zela eta postua hutsik geldi zitekeela».  
 
Bertzetik, Arantzan lanaldi erdian eta asteburuetan aritzeko administrari baten plaza ere hutsik dute: «martxoko osasun kontseiluan onartu zuten, baina pandemiarekin dena alde batera gelditu zen eta ez dute eskaini». Mediku- errehabilitatzailearen plaza ere hutsik dute: «duela bi urte arte astero etortzen zen, gero hamabortzean behin jarri zuten eta aurten, otsailaz geroztik, ez da etorri». Horrek «Bortzirietako 50 paziente baino gehiago erreserban» egotera behartu ditu, «mediku-errehabilitatzailearen kontsultaren esperoan».

Gainerakoan, joan den hilabete hasieran hutsik zegoen Berako pediatraren lanpostua «erdizka» moldatu dute: «larrialdietako medikuak bere gain hartu du lanaldiaren erdia. Egiazki ez dago beteta, baina nolabait moldatu dute. Beharbada aldi baterako balioko digu, baina epe luzera bertze aukerak beharko ditugu». Gonzalezen irudiko, «Nafarroa iparraldean pediatrian dagoen arazo larriaren» bertze adibide bat da eta alde horretatik, «Osasunbideak haurrei ematen zaien arreta birpentsatu» beharko lukeelakoan dago. 

Momentuko hutsune horiez gain, luze gabe are gehiago okertu daitekeela ohartarazi du: «Bortzirietan lau medikuk 60 urte baino gehiago dituzte, tartean pediatra, eta baliteke, epe laburrean, lanpostu gehiago hutsik gelditzea». 

«Planifikazio eta gestio falta sumatzen da»

Iñaki MARCOS, Baztango medikua

Baztanen 'hari batetik zintzilik'
Baztanen, «kupo guztiak beteta» dituztela argitu digu Iñaki Marcos Elizondoko osasun zentroko zuzendariak. Hori bai, lanaldi erdian ari zen pediatra joan zenetik, «ordezkorik paratu ez dutenez, lanaldi osoan ari zen pediatrak bere gain hartu du ardura eta lanaldi bat eta erdi egiten ari da».

Lanpostuak beteta badituzte ere, «hari batetik zintzilik» daudela dio Marcosek, «baten batek baja edo oporrak hartzen baditu, ez dute ordezkorik bidaltzen. Ordezkorik ez dagoela diote, eta hutsuneak guardiako medikuekin eta gure artean bete behar ditugu». Eta bere ustez, «ez dira baldintzarik egokienak. Baldintza onak orain dela 25 urtekoak ziren. Garai hartan, ordezkapenak %100ean betetzen zituzten. 2000. urte aldera edo pixka bat lehenago, ordezkapenak %70ean egiten hasi ziren, gero %50ean, eta orain ikusi egin behar bidaltzen duten edo ez». Hala, «larrialdiren batekin denak gainezka egiten du». 

Profesional faltaren gibelean, «planifikazio eta gestio falta» sumatzen ditu Baztango medikuak, baita «baldintza txarreko kontratuak egin izana ere. Kupo erdia hemen, bertze erdia han, gero guardia... Jendeak ez ditu nahi halako eskaintzak eta aunitz dira kanpora joan direnak». Bere hitzetan, horrek agerian utzi du «kontratazio sistema aldatu behar dela, dagoeneko beranduegi ez bada behintzat...».

«Lan baldintzak nahiko okertuak daude»

Monica MARTIN, Malerrekako erizaina

Malerrekan egoera «konplikatua» 
Malerrekan pediatria zerbitzuan dute hutsunea. Monica Martin Doneztebeko osasun zentroko zuzendariak azaldu digunez, «ekainaren 22an pediatraren lanaldia murriztu zuten, abuztuan oporrak hartu zituen eta ekainaren 24an baja, eta hori guztia ordezkorik gabe». Geroztik pediatrarik gabe daude Malerrekako eta Bertizaranako haurrak. Ez da lehenbiziko aldia, gainera. Gabezia hori «pediatriako erizainarekin, familia medikuekin, pediatrian esperientzian duen larrialdietako mediku batek goiz batzuetan kontsultak hartuz eta astean behin edo bi aldiz arratsaldez etortzen den Lesakako pediatrarekin» betetzen ari dira. 

Gehiago ere bada: «ekainaren 19tik uztailaren 1era larrialdietako mediku bat konfinatuta egon zen eta tarteka ordezkatu zuten. Urriaren 13tik familia mediku bat konfinatuta dago eta ez dute ordezkatu. Bertze familia mediku batek otsailaren 14an baja hartu zuen eta irailaren 22an bidali zuten bere ordezkoa». Egoera «konplikatua» dela nabarmendu du Martinek eta bere hitzetan, «lan baldintzak aski okertuak daude, bajak eta oporrak daudenean ez dutelako ordezkorik bidaltzen eta egitekotan partzialki egiten dutelako».

«Lanez gainezka gaude eta oso gogorra da»

Iosune URANGA, Leitzako erizaina

Leitzaldean «lanez gainezka»
Leitzaldeko eta Urumealdeko osasun etxeetan ere ez dira baldintzarik onenetan ari. «Lanez gainezka» daudela kontatu digu Iosune Uranga osasun zentroko erizainen arduradunak. Goizuetan medikua falta omen dute eta «lantaldeko langile batek baja edo oporrak hartuz gero, nahiko lan izaten dugu betetzeko». Horrela «denbora dezente» omen daramate, «batez ere medikuen hutsuneak izaten. Erizainen falta duela urte pare bat hasi ginen nabaritzen, eta gaur egun zerrendetan ez dago jenderik, denak lanean daude». 

Lan gehiago
Profesionalen falta «Covid-19aren aitzinekoa» dela diote Marcosek, Martinek, Gonzalezek eta Urangak eta pandemiak ez die egoera arintzen lagundu. «Covid-19a osasun etxeko martxa hankaz gora» jarri duela onartu du Urangak, eta Martinek ere «gehiago okertu» dela dio, «langileak falta» izateaz gain, pandemiaren ondorioz, «lan gehigarriak» dituztelako: «etengabeko aldaketak protokoloetan, babes eta garbitasun neurriekin denbora gehiago, gainkarga handiagoa PCRak edo testak direla eta, telefono bidez deiak, pazienteen jarraipena, erregistroak, bajak... Eta hori dena plantilla %100ean izan gabe».  

Marcosek Baztanen mediku lanetan daraman 27 urteko ibilbidearen ondotik ondorioztatu du «berez, eskualde lasaia» dela. Baina «Covid-19arekin gainkarga handiagoa» dutela onartu du: «pandemia berria da eta zalantza aunitz sortzen ari da. Paziente gehiago ditugu eta bakoitzari denbora gehiago eskaintzen diogu; telefonoz bi, bortz eta zazpi egunetara segimendua egin behar zaie, zalantzak argitzeko eta nola dauden kontatzeko aprobetxatzen dute, bajak ere tramitatu behar dira... Dei bakoitzean 15 minutu joaten dira eta lan gehiago sortzen digu, eta zer erranik ez ondoko medikua falta baldin bada».

Bide beretik jo du Leitzaldeko erizainak:«lehen aurrez aurre ikusten genuen jendea orain etorri aurretik baloratu beharra dago, eta horrek lana asko zailtzen du». Gaineratu digunez, «ezin ailegatuz eta orduak sartzen» ari dira eta baldintza horietan lan egitea «oso gogorra» egiten ari zaie: «oso nekatuta gaude». Are gehiago, «morala ere ukitua» dutela dio.

«Profesionalen artean nekea nabaria da»

Monica MARTIN, Malerrekako erizaina

Malerrekako erizainak ere profesionalen artean «neke fisikoa eta psikologikoa bistakoa» dela azpimarratu digu. Hori berretsi du Bortzirietako medikuak ere, eta «nekea, adorerik eza eta deskantsatzeko beharra» aipatu ditu: «hilabete aunitz dira ahal dugun guztia ematen eta ez dugu amaierarik ikusten». 

Uste berekoa da Marcos ere: «bukaerarik ez ikusteak osasun arloko profesionalen artean nekea areagotzen duela» azaldu du: «ez dakigu zenbat iraunen duen, nolako bilakaera izanen duen, hirugarren edo laugarren olaturik izanen den, txertoa ailegatuko den eta ailegatzen bada eraginkorra izanen den edo ez...». 

«Landa eremuan ere guttieneko baldintzak behar ditugu»

Ruth GONZALEZ, Bortzirietako medikua 

Landa eremuak azken aukera
Lehen mailako arreta «okerrera» bidean ikusten du Gonzalezek, eta arazoa are larriagoa ikusten du landa eremuan, «profesionalentzat landa eremuak ez direlako erakargarriak. Hirietako plazak erosoagoak egiten zaizkie, horrek ez duelako lekualdaketarik eskatzen». Edozein moduz, fisikoki dagoen urruntasuna baino are handiagoa iruditzen zaio mentalki dagoena: «fisikoki trafiko handiko errepide txarra izanda, Iruñetik urruti gaude, baina mentalki Iruñeko jendearentzako are urrutiago gaude. Urruntasun horrek ez du batere laguntzen profesionalak gure eskualdera etortzerakoan». Horregatik, «landa eremura profesionalak etortzeko aukera bultzatzeko» eskatu du Marcosek, eta Gonzalezek «landa eremuetan ere lanerako guttieneko baldintzak» behar dituztela nabarmendu du. 



Elkarretaratzeak

Bateko eta bertzeko ezintasunekin, nekatuta mintzo dira eskualdeko osasun zentroetako arduradunak, eta hala, «hutsuneak ageriko egin eta aldarrikatzeko» unea dela uste du Martinek. Arazoa ikusaraztea positiboa dela uste du Bortzirietako medikuak ere eta horren harira, lehen mailako osasun arreta babesteko eskatuz asteazkenero egiten ari diren elkarretaratzeetan «herritarren aldetik jasotako babesa hagitz ona» izaten ari dela aitortu du. Eta hala, «presioa egiteko eta gure aldarrikapenak ikusarazteko» bide beretik asteazkenero osasun zentroen aitzinean elkarretaratzeak eginez segitu nahi dute, Nafarroako Osasun Plataformak egindako deiari erantzunez. Bortzirietako elkarretaratzea Lesakan izaten da, 10:00etan, eta Leitzan 11:00etan, herritarren sareak deituta. Malerrekan oraingoz ez dute halako deialdirik egin eta Baztan eta Xaretan tarteka egiten ari dira. Urriaren 28an egin zuten eta asteazken honetan, azaroaren 11n, ere bai.  

Profesional gehiago eta baldintza duinak
Eskaria ere argi dute, «baldintza duinetan herritarrak artatzen segitu ahal izateko baliabideak» eskatzen dituzte, Bortzirietako medikuak dioen bezala, «gure aldetik herritarrak artatzeko lan handia egiten ari garelako eta hori egiten segitzeko baliabideak behar ditugulako». Argi utzi du: «oraindik negu osoa dugu aitzinetik eta azken mugara ailegatzen ari gara».

«Hilabete gogorrak datoz»

Iosune URANGA, Leitzaldeko erizaina

Urangak herritarrei «erantzukizuna» eskatu die, «etxetik kanpo bizi direnekin leku itxietan ez elkartzeko, eta bazkariak eta arratsaldekoak ahal den neurrian ez egiteko» , bere hitzetan, «hilabete gogorrak» datozelako. Martinek «plantilla osotasunean beteta eta hutsuneak daudenean eta oporretan ordezkapenak» eskatzeaz gain, herritarrei «neurriak betetzeko, osasun zentrora joatekotan, deia egin zen telefonoari erne egoteko eta osasun zentrora joan aitzinetik sukarra hartzeko» adierazi die.

«Osasun publikoa zerbitzurik gabe utzita pribatizatzeko arriskuan dago»

Iñaki MARCOS, Baztango medikua

Marcosek ere «profesional gehiago» nahi ditu, eta «gaur egungo egoerara egokitutako planteamendu egokia» eskatu du. Hori egin ezean, «osasun sistema pribatizatzeko arriskuan» ikusten du: «osasungintza publikoa zerbitzurik gabe uzteak pribatizaziorako bidea irekitzen du. Lehen mailako arreta indartu behar dutela erraten dute baina ez dirudi horretan ari direnik eta horrela arreta pribatua sustatzen ari dira. Medikuarekin hitzordurik ematen ez badute, asegurua egin eta pribatura joaten da jendea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun