Lesakako osasun zentroko Lehen Mailako Arretako Taldearen aldarrikapenei babesa eskaini die Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 13:00
Hainbat astez elkarretaratzeak egin zituzten joan den urte bukaeran Lesakako Osasun Zentroaren parean.

Atzo egindako osoko bilkuran Berako Udalak aho batez onartu zuen Lesakako osasun zentroko Lehen Mailako Arretako Taldearen aldarrikapenei babesa eskaintzea.

Bilkurako mozioen atalean gai bakarra izan zuten hizpide atzo arratsaldean Berako Udalean. Aitor Elexpuruk, Berako alkateak, Lesakako osasun zentroko Lehen Mailako Arretako Taldeak jakitera eman duen lan-prekarietateko egoeraren berri eman zuen. Alkateak jakitera eman zuenez «departamentuak ez ditu hainbat lanpostu bete: mediku lanpostu bat Lesakan; mediku lanpostu bat Landa Eremuko Larrialdi Taldean; pediatria lanpostu bat Beran, lanaldiaren %40an; administrari lanpostu bat Arantzan, %50ean eta larunbat goizetan; eta mediku errehabilitatzailea Lesakako kontsultarako». Azken hau «2020ko otsailaz geroztik bete gabe» dagoela oroitarazi zuen.

Gaia eztabaidatu ondotik, udalkideek aho batez «Lesakako osasun zentroko Lehen Mailako Arretako Taldearen aldarrikapenei» babesa eskaintzea eta akordio hau «Lehen Mailako Arreta Taldeari eta Lesakako Udalari» helaraztea erabaki zuten.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun