Garmendiko Bordako gasnak eta Maleteneko sagardoak irabazi dituzte Berako Lurraren Eguneko lehiaketak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 28a, 07:17

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen Beran Lurraren Eguneko 33. edizioan

 

Gure Txokoak hogeita hamahirugarren aldiz antolatutako Lurraren Eguna arrakastatsua izan zen eta ehun eskulangile ingururen eta 40 elikadura produktuen postu hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Altzateko frontoian eta besta egun honetan gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari den Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan.

33. Gasna lehiaketako eta 22. Sagardo lehiaketako epaimahaiak ere lanean aritu ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gasna lehiaketan zazpi ale aurkeztu ziren eta horien artean, Garmendiko Bordako Sokorro Garmendiak aurketutakoak irabazi zuen 300 euroko lehen saria eta iaz irabazle suertatu zen Berako Pimitxeneko Eider Pikabeak eraman zuen 200 euroko bigarren saria.

Sagardo lehiaketara, berriz, 16 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Maleteneko Alejandro Altzugurunenak lortu zuen 200 euroko lehen saria; bigarrena, 100 euro, iaz irabazle suertatutako Lesakako Endara auzoko Aialde baserriko Alberto Otxotekok eskuratu zuen. Josu Iratzoki izan zen hirugarren.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen musika eskolako trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxeetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, baita kantuak eskaini ere, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen.

 

Erakusketa ikastolako areto berrituan

Urtetan Rosa eta Totono Errandoneak paratu izan duten argazki erakusketari txanda hartzen, larunbatean ireki zen Labiagako aretoan Aitziber Orkolagaren  Plaketak erakusketa. Larunbatean izan zen areto berritu honen inaugurazio ofiziala eta ikasturte osoan, erakusketak hartuko ditu larunbat eta igandetan. Plaketak erakusketa abenduaren 29ra arte ikusgai izanen da larunbat eta igandetan.

Bezperan, hamahirugarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Zazpi koadrilen artean, Oihan Pikabeak, Iciar Paternainek, Leire Inzak eta Amaia Bikuñak osatutako Zinaurriak I taldeak irabazi zuen lehen saria, 200 euro, oroigarria eta bi kaja ardo; bigarren izan ziren Izen Gabekoak taldekoak, Irene Matxiarena, Itxaso Irigoien eta Garbiñe Iguaranek osatutako hirukotea eta kaja bat ardo lortu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun