Gerrako 'ahantziak' gogoan Berako bestetako txupinazoa bota dute

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 2a, 13:38

Txupinazoa bota baino lehen, gerrako "ahantzien" senideak bildu eta omendu dituzte Herriko Etxean.

Zahar Etxean bizi den 96 urteko Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak piztu du lehen suziria

Nahiz eta aitzineko egunetan hainbat ospakizun egin, abuztuaren 2an, ortzegun eguerdian bota den txupinazoarekin abiatu dira ofizialki Berako bestak. Udalak iragarri bezala, gerrako “ahantziek” piztu dute lehen suziria. Tartean ziren garai hartan ihesean ibili behar izan zuten Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria ahizpak, Patxi Mehas, eta Francisco Perez Lusarreta, San Jose Zahar Etxean bizi den 96 urteko gizasemea, II. Munduko Gerran nazien kontra borrokatu zuen Gernika bataloiko gudaria. Gerran hildako, desagertutako eta ihes egindako bertze hainbaten senideak ere Herriko Etxean bildu dira. 

 

Abuztuaren 2ko omenaldi honek segida izanen du azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalarekin: “Ahantzien oroimenez 1936-1939”. Plazan eta harrobian oroitarriak jarriko dituzte orduan, eta memoriaren gordelekuak izendatu.

Ihesi egindakoen, fusilatuen eta desagertuen izenean solastu dute Silvia Mazizior, Fernando Berasain eta Ane Miren Seminario bilobek. «Gora askatasuna!» oihukatuz eta txalo artean bukatu zuen bere solasaldia Maziziorrek. Gaur egun Bergaran bizi den Ane Miren Seminariok bere aitatxi zena hunkiturik gogoratu zuen. «Taxista zen lanbidez eta ustez, bakarren bat taxian beste aldera pasatzeagatik fusilatu zuten. Amatxi Bergarara joan zen bizitzera, ahizpa bat bertara ezkondua zelako eta han egin dugu bizia».

Aitor Elexpuru zinegotziak bertsoa ere kantatu zuen:

“Berriz idatzi nahiko genuke hogeita hamaseiko historia

horren lekuko zarete zuek, plaza eta harrobia

toki tristeak dira atzerria, espetxea, hilobia

baina hegan dator egiarekin justiziaren txoria

Beran bizirik mantenduko da, zapalduen memoria”.

Bertso hau idatzia zeraman oroigarria, zapi gorria eta barrosa jaso dute senideek oroigarritzat. 

Lehen suziria piztearen ardura, hain zuen, Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak izan du, Patxi Mehasekin batera. Perez Lusarreta Erronkarikoa da sortzez eta Gernika bataloiarekin gudan aritu ondotik, Frantzia aldean ihesian ibili zen, makia ere izan zen eta Irunen bizitu zen ondotik. Gaur egun Berako erresidentzian bizi da. Abuztuaren 1ean 96 urte bete izanagatik, sasoiko ageri da: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik» adierazi du.

Josu Iratzoki alkateak aipatu duenez, «egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dira, hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea sendatzeko eta gertatu zen hura berriro ez gertatzeko».

Ekintza honen bidez, eta agintaldi osoan memoria historikoa xede harturik egiten ari diren guztiekin, «ahanzturatik atera nahiko genituzke errepresaliatu beratar haiek, fusilatuak izan zirenak eta gerran askatasunaren alde borrokan bizitza galdu zuten herritarrak». Horien zerrenda bat ere aipatu zuten, jakinik gehiago ere izanen direla.

 

Fusilatu identifikatuak:

Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Francisco Martinez Urtiaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena, Ecequiel Gomez Rodrigo.

 

Desagertuak:

Santiago Anadon Campero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo, Jose Larraburu Maritxalar, Luis Aramburu.

 

II. Mundu Gerrako biktimak, kontzentrazio esparruetara eramanak:

Buchenwald: Eugenio Alli eta Antonio Clemente.

Mauthausen: Jose Rubio Delgado.

Rabensbrück: Francisco Usandizaga.

Neuengamme: Victor Garcia-Serrano Retegi.

Gurs: Tomas Apat Telletxea, Saturnino Garbala Ardanaz, Eugenio Garcia de la Lastra, Jose Garcia Fernandez, Francisco Jauregi Telletxea, Jose Sanchez Telletxea, Jesus Telletxea Ordoki, Juan Vallejo Corrales eta Isidoro Fagoaga Larratxe tenore ezaguna.

  

Lehen suziriak piztu eta ezkil jotzearekin batera lehertu da besta Beran. Erraldoi konpartsak lehen dantza egin du plazan bertan eta gero, herrian barna, bere dantza eta korrika saioak egin ditu, Ezpelur gaiteroen eta Incansables txarangarekin batera. Erraldoi konpartsan, ohiko taldearekin, debuta egin du Nahuel Ibarburi argentinarrak ere. «15 urte daramazkit Beran bizitzen, baina lanagatik ezin izan ditut bestak bizitu. Aurten konpartsan sartzeko aukera izan dut eta izugarria da besta barren-barrenetik bizitzea». Hori bai, taldekideek txantxaren bat egin nahi izan omen diote: «Gerriko gorriarekin etorri behar zela erran zidaten, beharrik bertze urtetako argazkiak ikusi dudan», erran digu hunkiturik eta gogotsu.

 

67.000 euroko aurrekontua

Aurtengo besten aurrekontua 67.000 euro ingurukoa da, iaz baino 7.000 euro gehiago. Aitor Elexpuru zinegotziak aipatu digunez, «zatirik handiena musikak darama ia 21.000 euro eta kale animazioak 14.000 euro. Altzateko txosna gunea antolatzen duten gazteek proposatutakoa kubritzen saiatu gara».

Alde horretatik, Elexpururen erranetan, «eskertzekoa gazte berriek txosna gunea antolatzeko hartu duten ardura, hasiera batean kolokan egon bait da proiektua errelebo faltagatik».

Aurten migatturik ez da izanen baina su artifizialak bai. «Betiko formulara bueltatzea erabaki dugu, leheno egiten zen bezela bi urtero txandakatzea. Batean suak, eta bertzean migattuak (azken hauek bi egunez)».

Tanborrada ere indarra hartzen ari da. Iazko parte hartzaile kopurua bikoiztu da. Ehun bat lagunek parte hartuko dute larunbatean. Haurren ekitaldiak ere indartu nahi izan dira "Crosoren jokoak" kontratatuz. Atal honek 5.000 euro hartuko ditu.Kirolerako partida ia 10.000 eurokoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun