Lila puntua paratuko dute Berako bestetan lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 1a, 12:14

Udalaren, Goldatz Talde Feministaren eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskutik, Altzaten izanen da informazio puntua 22:00etatik 05:00etara

Berako aurtengo herriko bestetan lehen aldiz lila puntua jarriko da: Ostatu eta txozna gunearen ondoan dagoen Altzate karrikan eta 22:00-05:00 ordutegian. Inforrmaziorako zerbitzua Berako Udalak, Goldatz Talde Feministak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatzen dute.

Lila puntuaren zerbitzua, jendartean agresio sexisten kontrako kontzientzia eta jarrera aktiboa hartzeko gunea da. Bertan oinarrizko informazioa jaso daiteke: festa giroko agresio sexisten inguruan, laguntza zerbitzuen inguruan, bertako talde feministen ingurukoa….Lila puntu fisikoaren zerbitzua aberastu nahiean, telefono bidezko atentzio zerbitzua ere martxan jarri da 24 orduko ordutegian 690 856 577 zenbakian.

Lila puntuak lehen arreta eskaintzeko aukera izan arren, ez du inolaz ere atentzio espezializatua emanen, horretarako bertzelako baliabideak daude. Larrialdi edo salaketa bat izanez gero, 112 bideratuko da, bertatik Nafarroako Gobernuak arreta integrala eskeintzen duelako.

Guzti honetaz  gain, lila puntua kontsumoen inguruko informazio puntu izatea ere aprobetxatu nahi dute. Parranda giroan sustantzia ezberdinen ezaugarri eta horien ondorioen inguruko informazioa emanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun