Inauteak 2025

[ARGAZKIAK] Asteazkeneko eta ortzeguneko mozorroekin burutu dituzte inauteak Narbarten

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 13:30

Joan den larunbatean gazteak ibili ziren eta asteazkenean eta ortzegunean, Narbarteko ttikienen txanda izan zen inauteetan. Asteazkenean plazan elkartu eta baserriaetan eskea egitera joan ziren ttikiak eta ez hain ttikiak, mozorro ikusgarriak jantziz. Rokerek, Minionsek, pultsera egileek eta kosmetika saltzaileek talde ederra osatu zuten baserritarrei irribarrea ateratzeko asmoz. Eta Ortzegun Gizenerako, ohikoa den bezala, eskolatik paratu zuten mozorrotzeko gaia: aurten kaldereroak ziren. Argazkiak eta testua: Maite Bertiz

Kantu ederra prestatua zuten herrian eskean ibili bitartean kantatuz joateko. Etxe aunitz dira ateak ireki eta gosariak dastatzeko aukera ematen dutenak.

Eguerdian bazkaria izan zuten ostatuan eta, arratsaldean, betiko jolasak prest zituzten gurasoek: pañuelito, aulki dantza, arroltze eramatea edota zaku saltoa, haurrekin adinaren araberako taldeak eginez.  Jokoak bukatu ondotik, txokolate goxoa izan zuten.

Eta eguna bukatzeko eta herriari eskertzeko asmoz zare baten zozketa egin zuten.

Orain bai, datorren urtera arte trapu zarrak eta mozorroak gordetzeko momentua ailegatu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun