Larunbat goizean, gazte kuadrilla ederra elkartu zen gosaltzera, mozorro politak jantzita, egunerokoari itxura aldatuz. Tripa ederki bete eta motorrak berotu ondotik, etxez etxeko eskea egitera abiatu ziren Etxalarko trikitilarien soinuarekin. Eguna giro ederrean pasatu zuten eta gauean afari herrikoia izan zen, berriz ere mahai inguruan bilduta. Mozorro ederrak ikusi ahal izan ziren eta etxez etxe ibili zirenen artean, saria maruxek eraman zuten eta gaueko saria, berriz, ostrukek. Gogoa zuenarendako Ventura DJa goizeko ordu ttikiak arte aritu zen.
Asteazken eta ortzegun honetan herriko ttikienen txanda izanen da. Asteazkenean, haurrak eta gurasoak baserriz baserri ibiliko dira, eta biharamunean, Ortzegun Gizen eguna ospatuko dute eskolan. Mozorrotuta, herrian eskean ibiliko dira eta eguerdian bazkaria eta arratsaldean jokoak eginen dituzte.