Legasako sarreran egin nahi duten gasolindegiaren obra lizentzia urtebeterako geldiarazi du Bertizaranako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 20a, 20:00

Gasolindegiaren kontra uztailaren 20an egin zuten elkarretaratzea.

Bertizaranako herritarrek ez dute Legasako sarreran kamioiendako gasolindegirik nahi, eta halaxe adierazi izan dute hasieratik. Bertzeak bertze, bilkurak egin, proiektuaren kontra sinadurak bildu eta elkarretaratzea egin dituzte uda honetan.

Gasolindegirik Ez herri mugimenduko kideen arabera, «2021ean paratu zuen enpresak proiektua martxan. Udalaren ezezkoa ikusita, gasolindegia eraiki nahi duen enpresak, Bertizaranako Udalarekin zenbait tramite egin ondotik, Nafarroako Gobernura jo zuen zuzenean. Orain arte Nafarroako Gobernuak paratutako baldintzak betez joan da eta gaur egun makroproiektua egiteko baldintzak betetzen ditu». Udalak, ordea, badu baldintza horiek aldatzeko eskumena eta horixe eskatu izan diote herritarrek; «proiektua alde batera uzteko bere esku dagoen guzia egiteko».

Bertizaranako Udal Plan Orokorraren arabera, kamioendako gasolindegia kokatu nahi den lurzatia lurzoru urbanizaezinean dago, zehazki, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoruaren kategorian. Baina, gisa berean, Udal Plan Orokorreko plano batean eremu hori «jarduera ekonomikorako aukerako eremua» dela ageri da.

Bada hori ikusita, udalak Udal Plan Orokorraren hirigintzako araudia aldatzea erabaki du, hau da, lurraren kalifikazioa aldatzea, «lurzoruaren baldintzak eta ezaugarriak kontuan hartuta, bere balioak, izaera eta xedea bermatzeko, babesteko eta zaintzeko». Hala, urtebeterako geldiarazi du gasolindegia egiteko obra lizentzia. Zehazki, uztailaren 31ko osoko bilkuran hartu zuen udalak erabakia, aho batez.

Nafarroako Gobernuaren erabakiaren kontra helegitea

Bertze aldetik, Bertizaranako Udalak abokatua kontratatu du eta Nafarroako Gobernuaren erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du Gasolindegirik ez plataformak, «abokatuak uste baitu arrazoizko zalantzak daudela Bertizaranako arauen inguruan egin duen interpretazioari buruz».

Herritarrek artean kezka eta haserrea

Herritarrak garbi mintzatu dira eta argi utzi izan dute «gure eskualdean ez dugula horrelako proiekturik  nahi». Beraien hitzetan, «inguruan gasolindegi aunitz daudenez, ez dago inolako beharrik. Sunbilla eta Oronoz artean sei gasolindegi daude». Horrez gain, «duela urte batzuk N-121-A errepidea egiteko hainbat lur desjabetu ziren, gure errepideetatik trafiko astuna kentzeko helburuarekin. Orain, proiektu honekin, gibelera bueltatuko ginateke. Ez hori bakarrik, izan ere, segur aski Belaten egiten ari diren obren eraginez, kamioien kopurua nabarmen gehituko da N-1210 errepidean». Horrek «eragin zuzena» izanen duelakoan daude, «arrisku egoerak areagotuz, eta ez bakarrik Legasako sarreran, baita Narbarteko eta Doneztebeko sarreretan ere». Azkenik, plataformako kideen irudiko, «landa eremuetan ingurunea da dugun bereizgarri handienetariko bat. Gasolindegiaren proiektuak soinuak, zaborrak, zikinkeriak, usainak, arriskuak… ekarriko lizkiguke, gure ingurua kaltetuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun