Gasolindegiaren kontrako elkarretaratze jendetsua egin dute Legasan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 15:00

Legasan egiteko asmoa duten makrogasolindegiaren kontrako elkarretaratze jendetsua egin zuten larunbatean.

Gasolindegirik ez, herritarren ahotsa, aditu, errespetatu eta bete! zioen pankartaren gibelean ehun bat lagun bildu ziren larunbatean Legasan, proiektu honek herrian sortu duen «kezka, urduritasuna, haserrea eta bertzelako sentimendu negatiboak» plazaratzeko. Bertizaranako udalari herritarren ahotsa aditu, errespetatu eta nahia bete behar duela adierazi diote.

Adierazpena

«Aste honetan berean jakin dugu Legasa parean makrogasolindegi bat egiteko intentzioa dagoela. Horrek kezka, urduritasuna, haserrea eta bertzelako sentimendu negatiboak eragin dizkigu. Hori dela eta, mugitzeko beharra ikusi dugu. Horrexegatik gaude gaur hemen, gure eskualdean ez baitugu horrelako proiekturik nahi.

Zergatik???? Bertzeen artean…

  • Ingurunean gasolindegi anitz daudenez, ez dago inolako beharrik, denok dakigun moduan, Sunbilla eta Oronoz artean sei gasolindegi baitaude.
  • Bertzetik, duela urte batzuk N-121-A nazionala egiteko hainbat lur desjabetu ziren, gure errepideetatik trafiko pisutsua kentzeko helburuarekin. Orain, proiektu honekin, atzera bueltatuko ginateke. Ez hori bakarrik, izan ere, segur aski Belaten burutzen ari diren obren eraginez, kamioien kopurua nabarmen gehituko bailitzateke N-1210 errepidean.
  • Horrek eragin zuzena izanen du gure eskualdean, arrisku egoerak areagotuz, eta ez bakarrik Legasako sarreran, baita Narbarteko eta Doneztebeko sarreretan ere.
  • Azkenik, landa eremuetan ingurunea da dugun bereizgarri handienetariko bat. Gasolindegiaren proiektuak soinuak, zaborrak, zikinkeriak, usainak, arriskuak… ekarriko lizkiguke, gure ingurua kaltetuz.

Horregatik, argi utzi nahi dugu ez dugula makrogasolindegirik nahi. Eta, Bertizaranako Udalari adierazi nahi diogu, herritarren ordezkariak zareten aldetik, herritarren ahotsa aditu, errespetatu eta nahia bete behar duzuela!!!

Makrogasolindegirik ez!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun