«Aunitzetan nik diseinatutako kapelak ez daude pentsatuta eramateko, streaptease emozional baten modukoak dira, nik neukan sormen-premia bat, aunitzetan existitzen ez diren pertsonaiendako kapelak dira, ez dago ez gidoirik ere pertsonaia horiendako, hala nola erlearendako, ahoarendako edo begiarendako… gauza bitxiak dira, baina gauzak bihotzarekin egiten direnean, bihotzera iristen dira». Maria Urroz Oyarzabal kapela-egile eta eskulangilearen solasak dira. Bi urte daramatza lanean Narbarteko lantegian, batez ere portzelanazko lanak egiten, baina kapelagile lana utzi gabe. Duela hainbat hilabete, «konfinamenduaren aitzinetik», arras enkargu berezia izan zuen, Parisko Le Chapeau comme ouvre d’art (Kapela artelan) erakusketan parte hartzeko hautatu baitzuten, Carl Fabergé bitxigile ezagunaren omenez, jaio zeneko 175. urteurrenean. Goimailako kapelaren erakusketa ibiltaria da, Nazioarteko Txapel Jostunen Elkarteak antolatua. «Harritu egin ninduen —dio Urrozek— erakundeak proiektuarekin jarraitzeak pandemian, baita energia gehiagorekin ere, hasieran baino kapela gehiago aurkeztu baitira. Ilusio handia egiten dit hor egoteak, txapel-egile onenen artean. Arras lan interesgarriak eta politak egin dira, eta jende guztia etortzen da, Australia, Errusia, Estatu Batuak, Mexiko, Italia, Espainia… arras polita da erakusketa, eta ilusio handia egiten dit».
Urrezko Erlea
Hilabeteak lanean eman ondotik, «orduak eta orduak, kontaezinak» onartu digu, bere kapela, The golden Bee (Urrezko Erlea), sortu zuen. Txapel hagitz berezia zen, lehendik bere web orrirako egina (www.mariaoyarzabal.com), baina lehenik Errusiara eta gero Parisera bidaltzeko egokitu zuen, goi-mailako bitxi-denda batean trebatu ondotik. «Kapelan bitxi bat jartzeak ilusio berezia egiten zidan, Fabergé bitxigilea zelako, ez kapelagilea». Beraz, artisauaren lan xehearen sinbolo gisa erlea erabiliz, berak sortutako brotxea jarri zion, zilarrean egina, 24 kilateko urrean bainatua, sutan egindako cloisonné esmalteekin… Emakume gorputza duen erle bat da, estilo modernista gogorarazten duena. Txapelako erlearen begiak tulaz estalita daude, eta azpian laméa dute, distira ematen diona eta tularen oktogonoek benetako erle-begi bat ematen dute, 80.000 begiz fazetatua dagoena. Begi horien inguruan urre-koloreko eskudel bat dago, erleen iletxoa irudikatzen duena. Txapelak, fantasiaz, mikroskopioz ikusitako erle-buru bat irudikatzen du. Antenak ere alanbre baten inguruan kizkurtutako rasoan eginda daude» adierazi du kontent. «Gainerakoa fantasia da, –dio– hegoak paratu dizkiot ilusio berezia egiten zidalako txapel hegalduna egitea, ni baino aunitzez gehiago bidaiatzen duena».
Maria Urroz Parisera joan zen. Errusiako enbaxadan aurkeztu zuten erakusketa hau. Hiriburuaren ondotik, Frantziako hainbat hiritan zehar ibiliko da, hala nola Cannesen, Carl Fabergék hiri horrekin duen loturagatik, eta, ondotik, Europako bertze herrialde batzuetan.
«Esperientzia handia izan da», azaldu du Maria Urrozek. Erakusketa ireki ondotik itzuli zen Narbartera, tailerrean lanean segitzeko.
Nola hasi zen kapeluak egiten
Iruñeko dekorazio estudio batean hamarkada bat eman ontotik, duela hamabi urte hasi zen kapelak egiten, lehen aldiz erditu ondotik. Urrozek dioenez, «beti izan nuen kapelekiko kezka, antikuarioetan beti ikusten nituen egurrezko buru horiek eta atentzioa ematen zidaten. Eskuekin lan egiteko beharra sentitzen nuen, eta Madrilen prestakuntza bat egin nuen Charo Iglesiasekin, kapelu-egile beterano arras onarekin, eta handik etorri ondotik, josten, josten eta josten eta txapelak egiten hasi nintzen, izugarrizko jarioa nuen. Gainera, txapelak egiten zuen jenderik ez zegoenean suertatu nintzen, eta orduan modan jartzen hasi ziren. Bezeroak poz-pozik gelditzen ziren, estiloa hartzen nien, arropekin konbinatzeko... ederragoak egiten nituen beraiei egokitutako kapeluekin, eta horixe da kontua: itxuran on egiten dizun bururako osagarri bat egitea, ez kaltetzen edo apaltzen zaituena».
Urte politak izan ziren horiek Iruñean, baina baita herrian ere, Bidasora bueltatu ondotik, kapelak egiten segitu zuen, baina guttiago: «bertze gauza batzuetan hasi behar izan nuen lanean, ezin zara artetik bizi landa ingurunean, Ingalaterrako landa-zabalean bizi ez bazara».