Jatetxeetarako baxera berezi eta egokitua

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 17a, 11:00
Bacxera originalak eta bereziak sortzen dituzte Narbarteko Emo Creations lantegian.

Narbarteko Emo Creations lantegitik ateratako platerak, kikarak, labanak, sardexkak edo koilarak dagoeneko hainbat jatetxetan topa daitezke. Maria Urrozen lanen «originaltasuna» goraipatzen dute sukaldariek, eta beraien janariei ukitu berezia emateko ahalmena

Urrez jantzitako kapeluak edo sarietarako garaikurrak egiteak sona ematen badu ere, une honetan zeramika gehiago egiten ari da Maria Urroz, «nire sormena garatzeko aukera gehiago ematen didalako eta sortzeko unean txapelak baino askatasun handiagoa ematen didalako, kapeluegileak moden eta gustuen mende gaudelako, bezeroa ausartzen edo ausartzen ez denaren menpe. Mundu hau blogariek gidatzen dute, eta aunitz kutsatu dute. Ez da erraza txapelatik bizitzea, ia ezinezkoa da».

Donostian sortua, urtetan Lapurdin eta Gipuzkoan bizitu da, baita Iruñean ere. Baina bere lehen umea izan zuenean, «arbasoen deiari erantzunez», Bidasoaldera itzultzea erabaki zuen, Donamariakoak baitzituen gurasoak. Iruñean, hamar urtez, dekorazio-estudio batean lan egin zuen. Bertan sartu zen antikuario gisa zuen prestakuntzagatik eta frantsesa ongi menperatzen zuelako: «aunitz erosten genuen Frantziako brokanteetan, aholkularitza lanak egin nituen antigoaleko altzariak eta pinturak erosteko, bai eta dekorazio-azterketan ere, aunitz gustatzen baitzait mundu hori guztia».

 

Bere neurriko ofizioa

Zeramikan hastea erabaki zuen, Italian portzelanaren inguruko ikastaro bat egin zuelako, eta aunitz gustatu zitzaion: «Frantziako enpresa batekin harremanetan jarri nintzen portzelanazko bitxiak egiten laguntzeko, nire aurrezkiak zeramika egiteko labe batean inbertitu nituen, eta zera erran nion neure buruari: ‘Maria, orain zeure kasa atera behar duzu, ezin zara egon bertzeen esperoan'; beraz, platerak egiten hasi nintzen eta nire lau platertxoak aurkezten hasi nintzen jatetxeetan. Izugarrizko harrera ona izan zuten, originaltasunak harritzen ditu sukaldariak». Azken urteotan bere formakuntza sendotu du, tornuan, labeetan, baita metala lantzeko tekniketan eta bitxigintzan ere. Narbarteko Emo Creations lantegian forma ematen die bere ideiei. Bere eskuetan, zeramikaz eta portzelanaz egindako artelan bihurtzen da lohia, suari esker.

Bistan da zeramikan topatu duela bere gustuko  lanbidea: «Aunitzetan erraten da lanbideak aukeratzen duela pertsona eta ez pertsonak lanbidea… Nire kasuan horixe izan da zeramikarekin sentitu dudana: Ofizio horrek aukeratu nau eta sormenerako hegalak ematen dizkit, sortzeko ahalmena… Zeramikak, eta batez ere ni lantzen ari naizenak, sukaldaritzako baxerak eta mahai-tresnak, burutik pasatzen zaidan guztia sortzeko aukera ematen dit… Ilusio berezia egiten dit jatetxeekin lan egiteak, chef bakoitzak bere berezko estiloa daukalako eta nik estilo horretara egokitzeko baxerak sor ditzaket. Jatetxe bakoitzaren kokapenak ere inspiratzen zaitu, ez da berdina itsas-labar batean dagoen jatetxea edo baso baten erdian dagoena, eta emaitzak beti asebetetzen nau, egiatan gauza originalak egiten ditugulako. Hor sentitzen naiz gustura».

 

Jakiei balio erantsia ematen dieten platerak

Izan ere, bere piezak dagoeneko hainbat jatetxetan topa daitezke, chef horiek sukaldean prestatutako gutiziendako euskarri gisara, bai, baina baita sukaldarien ideia eta sorkuntza horiei nolabaiteko balio erantsia emanez ere. Adibidez, lehiaketa baterako olagarroarekin egindako pintxoa aurkeztu behar zuen sukaldariarendako olagarroaren zortzi erroak zituen plater berezia diseinatu zuen Urrozek. Baditu itsasoan oinarritutako platerak, mendian oinarritutakoak, perretxikoen irudikoak, hostoak irudikatzen dituztenak… Izan ere, naturan eta inguruan topatzen du inspirazioa eta hortik datoz Narbarteko Emo Creations lantegian sortzen dituen hainbat baxeren izenak: Haizea, Xirimiri, Perseidak, Ocean, Akelarre, Ola zahar, Bardeak, Latxa, Pirinioak… baxera txuriak artilearen testurarekin eta esne-tanta bat irudikatzen duten esmalteekin… urdinak itsasoaren tonalitateekin, mendien profilak, oxidoaren eta burdinaren kolorea dutenak, izarren argia erakusten dutenak… Arte pieza bereziak, guztiak ezberdinak, molderik gabe eginak, dagoeneko hainbat jatetxetan topa daitezkeenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun