72. greba eguna dute gaur Benito Menniko langileek

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Benito Menniko langileak gaur goizean Iruñean. Argazkiak: ELA sindikatua.

Agudo urtea beteko da Elizondoko Benito Menni zentroko hiru eraikinetako bat hetsi zutenetik. Geroztik, langileek hainbertze aldiz salatu dute erabaki hark «ondorio larriak izan dituela erabiltzaileen arretan eta langileen lan baldintzetan». Gaur, 72. greba egunean, elkarretaratzeak egin dituzte enpresaren egoitzaren parean eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren aitzinean. 

Hiru eraikinetako bat hesteak «osasun mentaleko zerbitzuaren kalitatea murriztu eta langileen artean kaleratzeak eta prekarizazioa eragin» dituen arren, «enpresak eta Nafarroako Gobernuak egoerari buelta emateko neurririk ez dutela hartu» salatu dute gaur ere langileek.


Benito Menniko langileak gaur goizean Iruñean.

Erantzunik gabe segitzen dutenez, langileek bertze 24 greba egunetarako deia egina dute urriaren 15etik azaroaren 7ra bitarte, eta hala, 88 greba egun izanen dira denetara. Nafarroako Gobernuari «zerbitzuaren kudeaketan duen erantzukizuna, erabat publikoa izan behar lukeena, bere gain har hartzea» eskatzen diote, baita «asistentziaren kalitatea, enpleguari eustea eta lan baldintza duinak bermatzea» ere. Eta gisa berean, Hermanas Hospitalarias enpresari «benetako negoziazioa» exijitzen diote, eta «onura ekonomikoak pertsonen ongizatearen gainetik lehenesten dituen eta inguruko despopulazioari laguntzen dion politika alde batera uzteko».

«Lan baldintza eta zaintza zerbitzu duinak» eskatuz, igande honetan, urriaren 26an, manifestazioa egitekoa dute. 12:00etan Elizondoko plazan hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun