«Lan baldintza eta zaintza zerbitzu duinak lortu arte borroka» egiteko prest dira Elizondoko Benito Menni zentroko langileak, eta helburu horrekin eginen dute igande honetan, urriaren 26an, manifestazioa. 12:00etan Elizondoko plazan hasiko da.
Lan hitzarmenaren alde eta baldintza duinak eskatuz, behin baino gehiagotan atera izan dira karrikara Benito Menniko langileak, eta manifestazioak ere egin izan dituzte; 2022an, konparazione, bi egin zituzten Elizondoko karriketan. Joan den urte hondarrean, ordea, egoera oraino gehiago gaiztotu zen, zuzendaritzak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, Elizondoko zentroan dituen hiru eraikinetako bat, Bertiz izenekoa, hestea erabaki zuenean.
Gatazka orduantxe lehertu zen, eta geroztik, mobilizazio andana egin dituzte «osasun mentaleko zerbitzua okertu, enpleguak galdu eta lan baldintzak okertu» direla salatzeko: grebak, elkarretaratzeak, auto karabanak, agerraldiak... Ia hilabetero atera dira protesta egitera, Elizondon ez bada Iruñean.