Maite Bikondoak baditu 33 urte Benito Mennin, «RAEM unitatean gehienak», buruko gaixotasuna dutenekin erizain laguntziale. Lan baldintzak hobetzeko «enpresari jarrera aldatzeko» eskatu dio, «egindako kudeaketaz hausnartuz eta hitzarmena hobetuz: soldata igo, lanorduak murriztu...». Horrek «zaintza duina eta kalitatezkoa» bermatuko lukeela dio, «biak bat baitatoz. Zaintza mundu feminizatu honetan aunitz borrokatu behar da, eta denok saiatu behar dugu, zahar, heldu eta gazte, denona baita. Borroka luzea izanen da, baina ezin dugu etsi».
2021etik ari da zentroan lanean Mª Jose Pizarro, psikogeriatrian erizain laguntzaile. Argi du «borrokan segitu» beharra dagoela, «zaintza negozio bihur ez dadin. Zaintza mundua gutxietsia da, baina pixkanaka, borroka eginez, pausoak ematea espero dut». Nafarroako Gobernuari ere igorri dio mezua: «Ezin du azpikontratatzen dituen enpresei, nolanahi, nahi dutena egiten utzi, inolako kontrolik gabe. Diru publikoa tartean da eta horren erabilera egokiaren ardura berea da, lan baldintzak hobetuz eta zer zaintza egiten den erreparatuz».
22 urtez monitore izan zen Gema Martirena, eta azken zortzi urteotan erizain laguntzailea da, gaur-gaurkoz patologia mistoko egoitzan. Bere hitzetan, «pertsonal gehiago eta kualifikatua funtsezkoa da, merezitako soldatarekin». Gaineratu duenez, «enpresa hau aitzindari izan da hainbat arlotan, erabiltzaile zaurgarriak edota desgaitasun psikikoak dituztenak artatzerakoan, konparazione. Baina azken sei urteotan nabarmen gibelera egin du, batez ere kudeaketan, eta langileak gutietsi ditu, lana uztera bideratuz».
Duela lau urte hasi zen Benito Mennin Lorea Agirre, patologia mistoko egoitzan, erizain laguntzaile. Garbi dio: «Gure egoera prekarioa da eta zaintza duina izateko lan baldintzak aunitz hobetu behar dira: lanordu aunitz, egutegi kaxkarra, zazpi-bederatzi lanegun segidan... Gainera, gehienetan langileak falta dira eta lan zama handitu egiten da, eta horri ez diote garrantzirik ematen. Gure lana ez da baloratua. Gaztea naiz eta ez dakit non akituko dudan, baina argi dut mundu feminizatu honetan borroka egin behar dela».
2024ko abenduan hasia da Benito Mennin lanean Hegoi San Millan, buruko gaixotasuna dutenen unitatean, erizain laguntzaile. Lan baldintzak hobetzeko zer eskatuko lukeen galdetuta, «egutegi duina» aipatuz hasi da, eta «lanorduak murrizteko eta soldata goratzeko» eskatuz segitu du, «zaintzari duen balioa emanez». Horrez gain, «zuzeneko arretan pertsonal gehiago» behar delakoan dago. Eta gehiago ere bai: «Nafarroako Gobernuari diru publikoa zaintzeko eskatuko nioke».
Leire Sarrateak aurten lau urte eginen ditu Benito Mennin buruko eritasuna dutenekin erizain laguntzaile. Beretako «arras inportantea da soldata goratzeaz gain, lanordu gutiago eta egutegi duina izatea, behar bezalako deskantsuekin. Horrek langileak erakarriko lituzke eta bertako jendea hemen geldituko litzateke lanean». Aldi berean, «hemendik gutira» zentroak 90 urte beteko dituela eta, «bertze hainbertze betetzea» nahi luke: «Benito Menniren gisako zentrorik gabe ez genuke Baztan entendituko».
Zaragozakoa da sortzez Pablo Izquierdo, baina Elizondon bizi da, eta bi urte eta erdi daramatza Benito Mennin terapeuta okupazional. Baldintzak hobetzeko, batetik, «langile gehiago» behar direla dio, «lan karga baxuagoa» izateko; «zerbitzu hobea emateko aukera izanen genuke». Eta bertzetik, «soldata duina» eskatu du. «Zaintzak ez duela atsedenik ematen» ere aipatu du, baita «denok behar dugun eta gehiago baloratu beharko genukeen zerbitzu garrantzitsua» dela nabarmendu ere.
Lorea Eugi 2021ean hasi zen Benito Mennin lanean, eta geroztik erizain laguntzaile lanetan aritzen da. Lan baldintzak hobetzea garrantzitsua iruditzen zaio, eta horretarako, «soldatak hobetzeko eta lan karga arintzeko» eskatu du. Bide beretik, bertze bi eskaera egin ditu: alde batetik, joan den urtean enpresak hetsi zuen Bertiz eraikina berriz irekitzeko galdegin du, «jendeak lana izateko»; eta bertzetik, «langile gehiago, erabiltzaileek arreta hobea eta hurbilagoa izateko».







