Ibilbide luzea du Elizondoko Benito Menni zentro pribatuko langileen borrokak. Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak artatzen dituzte eta, 165 langilerekin, Baztango enpresarik handiena da. Baina bertako langileen artean lan baldintzak hobetzeko eskaera «aspaldikoa» da. Hala diote erizain laguntzaile aritzen diren Iratxe Garmendia elizondoarrak eta sortzez Elgorriagakoa bada ere, Elizondon bizi den Maria Angeles Iruruetak. «Gure baldintzak ez dira inoiz sobera onak izan; ordu aunitz, soldata ttikia, egutegi txarra, baimenekin arazoak... Batez ere, beheitiko gremioen artean: garbitzaileak, erizain laguntzaileak...». Adibide bat paratu dute: «Publikoan ari diren erizain laguntzaileek kasik gure doblea kobratzen dute». Garmendiak 20 urte daramatza bertan lanean eta Iruruetak 24 urte segidan; «lehenago udan eta bakantzetan aritzen nintzen». Langileen batzordeko kideak dira, biak ELAkoak. Sindikatu horretakok dira batzordeko bederatzi ordezkariak. Enpresako ordezkarien iritzia biltzen ere saiatu da TTIPI-TTAPA, baina ez du lortu.
Bertiz eraikina
Lan hitzarmenaren alde eta baldintza duinak eskatuz, behin baino gehiagotan atera izan dira karrikara, eta manifestazioak ere egin izan dituzte; 2022an, konparazione, bi egin zituzten Elizondoko karriketan.
Joan den urte hondarrean, ordea, egoera oraino gehiago gaiztotu zen, zuzendaritzak Elizondoko zentroan dituen hiru eraikinetako bat, Bertiz izenekoa, hestea erabaki zuenean. Ohatze kopurua 133tik 121 murriztuta, 36 erabiltzaile tokiz aldatu zituzten: batzuk Iruñeko zentrora eta bertze batzuk, Elizondon bertan, Bidasoa eta Baztan eraikinetara. «Baina 160 erabiltzaile izatera ailegatu izan gara, badu tokia», argitu dute Garmendiak eta Iruruetak. Eta ez hori bakarrik, eraikina hetsita, «zuzenean, lau lagun bota zituzten kanpora, eta bertze batzuei lan baldintzak okertu edo egitekoak aldatu edo murriztu zizkieten».
Abiapuntua
Iruruetaren eta Garmendiaren arabera, «gertakari larri bat» izan zen egoera horren guziaren abiapuntua. «Erizainen eta medikuen aldetik beti arras justu ibili izan gara, eta urteak eman ditugu hola. Joan den urtean, ordea, istripu bat izan zen eta aldi berean, gurean larrialdi kasu bat, eta larrialdi zerbitzuek gainezka egin zuten. Horren ondotik, solastatzera joan ginen eta hilabete baten buruan enpresak eraikina hesteko erabakiaren berri eman zigun, aitzinetik deus erran gabe».
64 egun greban
Gatazka orduantxe lehertu zen. «Ordura arte, isildu eta aitzinera segitzen genuen eta horretara ohituak ziren». Baina aldi hartan ez, langileek «aski» errateko momentua zela ikusi zuten eta mobilizazioak egiten hasi ziren. Azaroan izan zen hori, eta geroztik, ez dira gelditu. Zortzi txandatan banatuta, 64 greba egun egin dituzte, horien artean azkena abuztuaren 25etik irailaren 7ra. Horrez gain, elkarretaratzeak, auto karabanak, agerraldiak... Hilabetero atera dira protesta egitera, Elizondon ez bada Iruñean. Bertiz eraikina hetsi izanak erabiltzaileengan eta langileen lan baldintzetan izan dituen ondorioak salatzea dute helburu.
Eraikin bat hetsita, batetik, erabiltzaileek hartzen duten zerbitzuaren kalitatea «murriztu» dela azpimarratu dute: «Eraikin horretan askatasun gehien zutenak egoten ziren. Sartu-atera nahi bezala ibiltzen zirenak, beraien sukaldearekin, garbigailuarekin... Pisu batera bizitzera joateko prestatzen ari ziren, eta orain, bertzelako beharrak dituztenekin batera paratu dituzte. Pertsonarengan oinarritutako arreta osoaren eredua dugula suposatzen da, baina...». ELAren irudiko, «duela hogei urte baino gehiagoko zaintzetara bueltatu» dira.
Eta bertzetik, langileek ere ondorioak sumatu dituztela diote. «Inpotentzia» sentitzen dute: «Lan eta lan ari gara, baina zuzendaritzak ez du deusetarako baloratzen gure lana. Gero eta lan karga gehiago dugu. Lehen ez bezala, erregistroak bete behar ditugu, ordenagailuko lan gehiago egin, familiekin solastatu... Gu ahalduntzeko dela erraten digute, baina ez, zapatua dena gehiago zapatzeko bertzerik ez da». Horrekin batera, honela gaineratu dute: «Halako baldintza txarrekin, langileak noiznahi aldatzen dira, eta betikoak beti erakusten ari gara. Soldata ona duten lanpostuetara bakarrik etortzen da jendea lanera. Enpresak dio inork ez duela hemen lanik egin nahi, baina baldintza hobeak izanen bagenitu, jendea hemen geldituko litzateke. Hala, aldi berean, konstantzia balego, erabiltzaileek arreta hobea hartuko lukete, eskertuko lukete». Gauza bat eta bertze, «gaur egun 165 langile gara, eta duela urte bat 177 ginen».
Enpresaren kudeaketa «txarra» ere aipatu dute: «Guri ardura gehiago eskatzen digute, baina bat-batean bortz erizain izatetik hamasei izatera pasatu dira. Iraileko gertakari haren ondotik, Nafarroako Gobernuak, erizainak kontratatu behar zituela erranez, abisua eman zion enpresari. Zenbat urtez egon ote gara 160 erabiltzailerekin bortz erizain eta medikurik gabe lanean? Eta orain, bortz erizain izatetik hamasei izatera pasatu dira, eta eraikin bat hetsia dago. Nondik atera dute bat-batean dirua?»
Gobernuari kritika
Nafarroako Gobernuaren «arduragabekeriaz» ere aritu dira Irurueta eta Garmendia: «Gobernuak Benito Mennira diru publikoa bideratzen du, eta dirua publikoa baldin bada, kontrolatu beharko luke, ez? Ba ez du egin». Benito Menni zentro kontzertatua da, % 60 publikoa eta % 40 pribatua. Alegia, Nafarroako Gobernuarekin ehun plaza baino gehiagorendako hitzarmena sinatua du. Gobernua da bere finantziazio iturri nagusietako bat. Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere badu hamasei ohatze altxatzeko hitzarmena eta gainerakoak erabiltzaile pribatuak dira. Bi erizain laguntzaileek kontatu dutenez, «Nafarroako Gobernuaren atean oihuka ibiliak gara, badakite zein den gure egoera, baina joan den urteko irailetik martxora arte ez zigun kasurik egin». Joan den irailaren 19an bildu ziren berriz, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialak, Ekonomia Soziala eta Enplegu Departamentuko ordezkariekin, eta «nobedaderik eta gauza interesgarri handirik gabe» atera ziren bileratik: «Ondoko egunetan enpresarekin biltzeko konpromisoa hartu zuten eta hilabete baten buruan berriz deituko digutela erran ziguten. Enpresarekin duten hitzarmena berritzea tokatzen zaiela ere aipatu ziguten eta ea zer baldintzatan egiten duten. Gainerakoan, deus berezirik ez, airean».
Nafarroako Parlamentuko atea ere joa dute, EH Bilduren eta Podemosen bitartez; «bertzeek ez zuten nahi», gehitu dute. Eta «irailetik aitzinera gaia esku artean hartuko zutela erran ziguten». Horren harira, oroitarazi dute «Benito Menni Baztango enpresarik handiena dela, langile gehienak emakumeak garela eta zaintzaz ari garela; hori denon ardura da».
Adostasunik gabe
Kanpora bidali zituzten lankideak ere gogoan hartu dituzte: «Bota zituzten momentua ez zen batere polita izan. Eta langileak behar badituzte, lehentasuna kanpora bidali zituztenek izatea eskatzen dugu, baina ez dutela gibelera pausorik emanen erran izan digute».
Enpresaren jarrerarekin kritiko, bi aldeak «arras urrun» daudela azpimarratu dute bi langileek eta «2024ko eta 2025eko lan hitzarmena sinatu gabea» dutela esplikatu dute. «2023koa egin genuen baina orduan ere jokaldia egin ziguten...». Gaineratu dutenez, «enpresak ez du entenditzen borroka. Horixe da bere mezua». Baina bertzelako ustea dute ELAko ordezkariek, eta «kontent» dira greba egunek «erantzun ona» izan dutelako, nahiz eta Nafarroako Gobernuak ezarritako guttieneko zerbitzuekin ez dauden ados: «Egia erran, zerbitzu minimoak egunero ditugunak dira. Eta langileen artean badira grebak ez duela merezi erraten dutenak, baina noski, hori erraten dutenen soldata eta gurea ez da iguala».
Lantokitik kanpo hartu duten babesa ere eskertu dute, «zentroa arras ongi ikusia da Baztanen eta erabiltzaileak arras ongi integratuak dira. Baztanek zaintzaren alde aurpegia ematen du».
Mobilizazio gehiago
Garbi dute. Hasitako bideari segida eman nahi diote: «Hor gaudenetik, hogei urtez, beti kontu iguala aditu dugu, hetsiko dutela izan da enpresaren mehatxua. Baina ezin dugu gibelera egin».
Enpresari «benetako negozioa» exijitu diote, «hartutako erabakien ondorioak aztertzeko eta egoerari irtenbide egokia emateko, eta langileen aldarrikapenak hitzarmen kolektiboan kontuan hartzeko. Ezin da enpresaren etekin ekonomikoa pertsonen zaintzaren gainetik paratu». Eta Nafarroako Gobernuari «inplikazioa», eskatu diote: «Zerbitzu hau azpikontratatzeko, diru publikoa erabiltzen da, eta beraz, kalitatezko zerbitzua bermatzeko, langileendako baldintza duinak bermatu behar dira, eta ez eskualdea despopulatzen lagundu».
Gehiago ere bai: «Baztanen bizi eta lan egin nahi dugu, eta lana baldintza duinetan egin nahi dugu». Eta gisa berean, «zentroko erabiltzaileek arreta duina hartzeko duten eskubidea» aldarrikatu dute. Enpresaren eta gobernuaren jarrera ikusita, «greba deialdi gehiago» etorriko direla aitzinatu dute.





