Almandozen Uzketa 2 meatzaritza proiektuaren garapenerako ikerketa baimena baliogabetzea eskatu du Almandozko Herriak, Europako, Espainiako eta Nafarroako ingurumen eta ondare babes komunaleko araudia ez errespetatzeagatik. Bertzetik, proiektuak eraginen lukeen inpaktuen inguruko ebaluazio zabalagoa ere eskatu dute herritarrek.
Natura 2000 Sarea
Harrobia egiteko behaketa baimena Belateko Kontserbazio Bereziko Zonan onartu dute, Natura 2000 Sarea leku babestuaren parte den zonan. Arautegiaren arabera, bertako lurrak ukitu ahal izateko ebaluazio landua egin beharra da: «Natura 2000 Sareko leku batean eragin nabarmena izan dezakeen edozein plan edo proiektuk lekuan izanen dituen ondorioen ebaluazio egokia eskatuko du». Eta kasu honetan «ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta» egin beharrean «ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua» egin dutela salatu du herriak.
«Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta» egin beharrean «ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua» egin dutela salatu du herriak.
Soilik ebaluazio sinplifikatua egiteagatik, zundaketak eraginen lituzkeen hainbat kalte ordain kontuan ez hartzeagatik eta horien kudeaketak ez zehazteagatik kexatu da herria. Batez ere materialen erauzketaren ondorioz sortutako hondakin likidoen kudeaketa ez zehazteagatik. Bertzetik, eragin sozial eta ekonomikoak ere izanen lituzkeela ohartarazi dute eta horiek aintzat hartu ez izana leporatu diote enpresari: «Prozedurak ez ditu abeltzaintzako aprobetxamendu tradizionalak eta landa eremuak pairatuko dituen eragin ekonomiko eta sozialak kontuan hartu». Beraz, arauak bete ez dituen «azaleko azterketa eskasa eta desegokia» egin dutela salatu dute almandoztarrek. «Aitortutako baimena baliogabea da ingurumen prozedura okerra eta eskasa egin direlako eta ingurumen babeserako araudiko oinarrizko printzipioak errespetatu ez direlako».
Onarpen falta
Proiektuko irizpideak aldatu direla eta gaur egunera arteko alegazio guztiak ez direla kontuan hartu adierazi dute almandoztarrek: «Juridikoki onartezina da positiboki baloratutako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa 2023ko otsailean formulatu izana, aldatutako proiektua argitaratu aitzinetik eta proiektuaren eremuari, irismenari eta inpaktuei dagokienez eragina duten ondorengo alegazioak aurkeztu aitzinetik».
Hirugarren harrobi batekin, Almandoz harrobiz inguratua
Almandoz harrobiz ia inguratuta dago dagoeneko eta bertze harrobi bat eraikitzeak «herri osoa inguratzea» suposatuko luke. Horrela, ingurumen prebentziorako arautegian heldu diren kalte ordainak aztertzea derrigorrezkoa dela azaldu dute herritarrek: «Ingurumen prebentzioaren printzipioak, EBFTren 191. artikuluan bildua dagoenak, ondorio sinergikoak aztertzea exijitzen du: Biztanleen bizi kalitatea, osasun publikoa (zarata, hautsa, bibrazioak), ekonomia sare tradizionala (abeltzaintza, landa turismoa)». Eta horiek ez dituztela aztertu salatu dute.
Ehiza eremu babestua
Azkenik, harrobia egin nahi duten lekua ehiza eremu babestuaren parte da eta, hortaz, ofizialki aitortutako eremuaren balio ekologiko handiak ingurumen kudeaketaren tratamendu koherentea eskatzen duela frogatutzat jo du Almandozko Herriak, proiektua horren kontrakoa dela adieraziz: «Meatzaritzako ikerketa jarduerak baimentzeak, eta, horren ondorioz, makinek, zulaketek, zaratak eta lurzoruaren aldaketek ez dute bat egiten babeslekuaren deklarazioa justifikatu zuten kontserbazio helburuekin».