Almandozko Herriak eta herritarrek Uzketa 2 meatzaritza proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 4a, 13:00

Canteras Acha SA enpresak Almandozko Uzketa parajean harrobi bat egiteko zundaketen baimena eskatu dio berriz ere Nafarroako Gobernuari. Uzketa 2 proiektua enpresak herrian duen bigarren harrobia izanen litzateke, eta herritarrek behin baino gehiagotan aldarrikatu dute ez dutela «bi zuloren artean» bizi nahi. Baztango Batzar Nagusiak ere ezezkoa eman zion proiektuari 2013an. Hori dela eta, Almandozko Herriak zundaketen kontrako alegazioak aurkeztu ditu bertze behin, eta 97 herritar eta kaltetuk sinatu dituzte.

Alegazioetan adierazi dutenez, «2021eko abenduaren 10ean Almandozen egindako batzarrean herritarrek aho batez egin zioten uko proiektuari. Horrez gain, 2013ko urriaren 1ean Baztango Batzar Orokorrak zundaketa eskaera atzera bota zuen. 2021eko proiektua 2013koa baino handiagokoa da, beraz, ezetza emateko arrazoiak ez dira ttikitu; izatekotan, haunditu egin dira».

Garraio astunaren zirkulazioa herrian

Uzketara joateko bideak «herrigunea zeharkatzen duela» salatu dute, eta horrek «garraio astunaren trafikoa biderkatuko luke, herritarrendako jasanezina dena». Gainera, «2023an Nafarroako Gobernuak Larraungo meategiaren proiektua ezeztatu zuen, kamioien trafikoak Aldatzen inpaktu negatiboa izanen lukeela azalduz. Almandoz eta Aldatz antzeko herriak dira, tipologia, herrigune eta biztanleriari dagokionez».

Horrez gain, «Ingurumen Departamentuak, proiektuaren alde egin duen txostenean, ez du aipatu ere trafiko guztia herrigunetik pasatuko litzatekeela».

Ur depositua eta iturburuak

Proiektuaren eremuak «ez du errespetatzen inguruko hainbat elementurekiko distantzia, meategien legeak ezartzen duena. Herriari zerbitzua ematen dion ur edangarriaren depositua proiektuak eragindako lursail batean dago, eta depositura ura eramaten duten hodiak zundaketen eremua zeharkatzen dute zuzenean. Proiektuan ez da aipamenik egiten horrek herriko uraren isurian izanen lukeen eraginaz».

Proiektuaren eremuak «hainbat akuifero hartzen ditu, eta horiek hornitutako iturburuak aziendari ura emateko erabiltzen dira. Gainera, zundaketek 60 metrotaraino zulatuko lukete lurrazpia, eta horrek lurzoruan eragina izanen luke, uraren ibilbidea aldatzeko arriskuarekin». Eremuan dauden bertze hainbat iturburu eta aska ere kaltetuak izanen lirateke.

Natura 2000 sarea

Proiektua Belateko Natura 2000 sareak babestutako eremuan egin nahi dute, eta oroitarazi dute «Nafarroako Auzitegi Nagusiak Zilbetiko meategi proiektua baliogabetu zuela eremu babestua izateagatik». Eremu hori babestuak eta desagertzeko arriskuan dauden hainbat landare eta animalien habitat naturala da, eta 30 espezie inguru zerrendatu dituzte alegazioan, tartean okil gibelnabarra, antzandobi arrunta, Alpeetako kakalardo adarluzea, sai zuria eta miru gorria.

Kalteak ekonomian

Bigarren harrobi batek «Almandoz bi harrobiz inguratua utziko luke, eta bistakoak diren arazoak sortuko lituzke. Nekazaritza eta turismoari lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko eta mantentzeko aukerak guztiz baliogabetuko lituzke. Meatzaritzak zuzenean lehiatzen du abeltzaintzarekin, eta eragina du herriaren estetikan eta ingurumenean».

Proiektuaren ondorio sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak kontuan hartuta, Almandozko Herriak zundaketen baimena bertan behera uzteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun