Almandozko bizilagunak

«Almandoztarrok ez dugu bi zuloren artean bizi nahi»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 27a, 08:00
Almandozko hainbat herritar elkartu dira proiektuaren kontra eta 102 sinadura lortu dituzte.

Arizkunen eta Elbeten gertatu den bezala, Canteras Acha enpresak Almandozen hainbat zundaketa egiteko asmoa du, harrobi bat egiteko helburuarekin. Hau enpresaren bigarren harrobia izanen litzateke herrian, eta almandoztarrak proiektu honen kontra mobilizatu dira, ez dutelako «herria bi harrobiren artean gelditzea» nahi.

Zer egin nahi du zehazki enpresak Almandozen?

Arizkunen eta Elbeten bezala, Almandozen ere zundaketak egin nahi dituzte, ondotik harrobi berri bat irekitzeko. Proiektua Uzketan egin nahi dute, herriko hego-ekialdean dagoen paraje batean. Gaur egungo harrobia ipar-mendebaldean dago, beraz, herria bi harrobiren artean geldituko litzateke. Oronoz aldetik Iruñerako bidean zoazela, Arritxuri harrobia herriaren eskuineko aldean ikusten da, Uzketa, berriz, N-121-A errepidearen ezkerraldean dago.

Nola izan zenuten proiektuaren berri?

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten proiektua eta bertan ikusita izan genuen haren berri. Ez dugu enpresarekin harremanik izan.

Zein da almandoztarren iritzia proiektuaren inguruan?

Abenduaren 10ean batzarre informatibo bat egin genuen herrian gaiari buruz informazioa emateko. Bertan zeuden herritarrek, aho batez, proiektuaren kontrako helegiteak aurkeztea erabaki zuten. 102 herritarren eta kaltetuen sinadurak bildu dira, beraz uste dugu nahiko argi dagoela almandoztarrok ez dugula bi harrobiren erdian gelditu nahi. Ez dugu bi zuloren tartean bizi nahi, herri fantasma batean bilakatuko litzatekeelako Almandoz. Gainera, trafiko astuna ere nabarmen igoko litzateke, herritik pasatzera behartuak baitaude, hori izanen litzatekeelako harrobi berriaren eta gaur egungo plantaren arteko konexio bakarra. Almandozek eman beharrekoak eman ditu.

«Almandozek eman beharrekoak eman ditu»

Harrobiaren kontrako herritarrak

Nortzuk hasi duzue sinadura bilketa?

Hainbat herritar elkartu gara bilketarako eta gure helburua argia da: lehen pausoa proiektuaren kontrako iritzia erakustea da, eta hori bideratzeko Nafarroako Gobernuaren aitzinean helegiteak aurkeztu ditugu. Alde batetik, herritar eta kaltetuen 102 sinadura bildu ditugu eta bertzetik, abeltzainek aurkeztutako helegite bat dago, lau sinadurekin. Azken hauek Baztango herri lurrak aprobetxatzen dituzte beren ustiategietako aziendak bazkatzeko.

Erantzunik izan al duzue?

Urtarrileko azken egunetan aurkeztu genituen helegiteak, erran bezala 102 sinaduren babesarekin. Momentuan ez dugu erantzunik hartu. Denbora kontua da, eta zain egonen gara.

Arizkungo eta Elbeteko herritarrak egoera berdintsuan daude. Haiekin harremanetan jarri zarete?

Arizkungo herritarrekin harremanetan egon gara. Elbeteko herriarekin oraindik ez, baina jarriko gara. Orain arte gure helburua edo egin behar nagusia helegiteak prestatzea eta aurkeztea zen eta horretan aritu gara buru-belarri. Momentuz, Nafarroako Parlamentuan bisita bat eskatu dugu, baita gaian eskua duten Nafarroako Gobernuko departamentuekin ere.

Almandozko Arritxuri harrobia Canteras Acha enpresarena da.

Zer suposatzen du herriarendako harrobi baten ondoan bizitzeak?

Garraio astuna ugaria da Almandozen. Herri guzietan saihesbideak eraikitzen dira herrian trafikoa saihesteko, hemen guztiz kontrakoa pasatzen da. Hainbat urte daramatzagu bidearen gaiarekin, baina gaur egun oraindik ez da konpondu.

Eta zer ondorio ekarriko lituzke bigarren harrobi batek herritarrendako?

Erran bezala, Almandozko herria bi zuloren tartean geldituko litzateke. Garraio astunaren trafikoa ere aunitz igoko litzateke. Gainera, leherketak izanen lirateke eta ingurumeneko inpaktua eta ikusmen inpaktua ere nabarmena izanen litzateke. Nork bizi nahi du horrelako herri batean? Herri fantasma batean bihurtuko litzateke , gazteak ez dira herrian geldituko eta kanpotik ez dira Almandozera bizitzera etorriko. Gainera, bertze ekonomietan ere eragina du proiektuak. Zundaketak egin nahi diren lekuan abeltzainek belardiak dituzte, eta beren ustiategietako errentagarritasuna nabarmen kaltetuko da belardi hauek galtzen badituzte. Zer erranik ez, norbaitek turismoarekin ikustekoa duen enpresa bat ireki nahi badu, landetxe bat edo bertzelako edozein aktibitate, izanen lituzkeen ondorioak. Nor etorriko da?

«Herritarrak aspertuta eta nekatuta gaude kontu honekin»

Harrobiaren kontrako herritarrak

Ez da enpresak Arritxuri harrobia zabaldu nahi duen lehenbiziko aldia, ezta?

Ez. 2013an ere gauza berdintsua gertatu zen eta urrian egindako Batzar Nagusian zundaketen eskaerari ezetza eman zioten. Baina badirudi baietza lortu arte ez direla geldituko.

Almandozko enpresa da Canteras Acha, ez?

Enpresa Almandozen dago bai, baina ez dakigu zenbateraino edo zein portzentajetan den Almandozko baten edo batzuen parte. Kanpoko jende ugari dago bertan lanean.

Haiekin egoteko aukerarik izan duzue?

Haiekin egoteko aukera badago, baina zer lortuko dugu horrekin? Beraiek badakite 2013an herriak zer erran zuen gaiari buruz. Urteak daramatzagu harrobiaren kontuekin eztabaidan, herritarrak aspertuta eta nekatuta gaude.

Milotxuri Bizirik plataformako kideek aipatu zutenez, «etekin ekonomiko azkarra bilatzearen ordez momentuko beharrak asetzeko haina lehengai ustiatzen dituen eredu ekonomiko baten alde gaude». Proiektua beharrezkoa dela uste duzue edo etekin ekonomiko hutsa bilatzen du?

Beharrezkoa den edo ez, ez dakigu. Hori dagokionak baloratu beharko du. Baina beharra izateak ez du herria azpian hartuko duen proiektu bat justifikatzen.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Almandozen etorkizuna jokoan dago proiektu honekin. Herria bai edo herria ez? Almandoztarrok ahalegin guziak eginen ditugu herriak bizirik segitu dezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun