Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Hasi da Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 19a, 10:45

Gaur goizean auzipetuei babesa emateko elkarretaratzea egin dute. Argazkia: Aroztegiko Elkartasun Komitea.

Gaur goizean hasi da Iruñeko Zigor Arloko 3. Epaitegian Aroztegiko auzian auzipetutako zazpi baztandarren kontrako epaiketa. Epaitegi aitzinean jende aunitz bildu da auzipetuei babesa adierazteko.

Gaur hasi da epaiketa, eta bortz egunez luzatuko da. «Bortxa eta derrigortze» delituez gain, «talde kriminal antolatu baten parte izatea» leporatu diete zazpi auzipetuei eta 56.000 euroko isuna ordaindua dute dagoeneko. Zigor ekonomikoa  totalean 20 urteko kartzela zigorra eskatu dute auzipetuendako, eta ohartarazi dutenez, «43 milioi euroko kalte ordaina ere gure gain gelditzen ahal da, bizi osorako zigor ekonomikoa ezarriz».

Epaiketa hasi aitzinetik, auzipetuei babesa emateko elkarretaratzea egin dute auzitegi aitzinera. Bertan, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideek hartu dute hitza eta nabarmendu dute, «mesfidati» daudela epaiketarekin, ez baitira «justiziarekin fio».

Epaiketako bortz egunetan, auzipetuei babesa deitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 11:00etan mahai ingurua eginen dute AHT gelditu!, EH Bizirik!, Ostia Sarea eta Bilgune Feministak. Aitzinetik, elkarretaratzea egin dute.

Hau izanen da heldu den egunetarako antolatutako egitaraua:

  • Maiatzak 20, asteartea
    • 07:45ean auto karabana Elizondoko plazatik
    • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
    • 09:00etan kolektiboen adierazpenak
    • 10:00etan bertso saioa: Maialen Lujanbio eta Julio Soto
    • 11:00etan mahai ingurua: Gorka Torre, Intza Gurrutxaga, Sagrario Aleman eta Ihitz Iriart
  • Maiatzak 21, asteazkena
    • 07:45ean auto karabana Elizondoko plazatik
    • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
    • 09:00etan kolektiboen adierazpenak
    • 11:00etan mahai ingurua: Steilas, LAB, EHNE, ELB eta ELA
  • Maiatzak 22, ortzeguna
    • 07:45ean auto karabana Elizondoko plazatik
    • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
    • 09:00etan kolektiboen adierazpenak
    • 11:00etan mahai ingurua: ONEKA, Jardun, Baztan-Bidasoa Aldeko Pentsionistak eta EHko Etxebizitza Sindikatu Sozialista
  • Maiatzak 23, ortziralea
    • 07:45ean auto karabana Elizondoko plazatik
    • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
    • Akabailan auzipetuen deklarazioa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!