«Baztango 16. herria». Halaxe izendatu dute maiz baztandarrek Aroztegiko proiektua. Zehazki, Lekarozko Aroztegia jauregia luxuzko hotel bihurtu eta golf zelaia eta 228 etxebizitzako urbanizazioa eraiki nahi ditu bertan Palacio de Arozteguia SM enpresak. Orain, proiektuaren kontra kanpatzeagatik epaitegietara deitu dituzten zazpi herritarren auzia gehitu zaio eztabaidari. Heldu den astean, maiatzaren 19tik 23ra, epaituko dituzte Iruñean.
24 urteko gatazka
2001ean hasi zen afera; Jose Maria Zelaieta Alkortak jauregia erosi zuen, eta orduan hasi ziren gatazkak herriarekin. Handik bi urtetara, Baztango Udalak bertan hotela egiteko baimena eman zion, baina ez zuen proiektua gauzatu. 2008an inbertsore talde bati saldu zizkion jauregia eta lurrak, eta promotore berriak proiektua zabaldu zuen, hotelaz gain, golf zelaia eta 252 etxebizitza gehituz. Horrek gatazkak areagotu zituen Baztanen, eta 2009an Aroztegia… eta gero zer? plataforma sortu zuten hainbat herritarrek, «egitasmoa geldiarazteko asmoarekin». Izan ere, proiektua «Baztango etxebizitzen beharrarekin eta bertako egiturarekin, lurraldearekin eta nortasunarekin deus ikustekorik ez duen egitasmo urbanistiko bat» dela kritikatu zuten.
Plataformak eta udalak proiektuaren kontrako errekurtsoak aurkeztu zituzten hainbat urtez, eta 2013an Auzitegi Nagusiak legez kanpoko izendatu zuen. Hortaz, proiektu berria aurkeztu behar izan zuen enpresak, etxebizitza kopurua 252tik 228ra aldatuz. Proiektu berria idatzita, 2015ean Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Plana izendatu zuen. UGEP gisa tramitatzean, hartzen dituen herri lurren gaineko eskumena galdu zuen Baztango Udalak.
2019an enpresak jakinarazi zuen urbanizazio lanekin hasia zela, eta 2021eko apirilaren 8an sartu ziren TEX enpresako hondeamakinak Aroztegiko lurretan. «Bide legala agortuta», proiektuaren kontrako mugimenduak «desobedientzia zibilera» jo zuen; hilaren 16an kanpaldia egin zuten lanak egitekoak ziren lekuan, eta obrak geldiarazi zituzten. Baina kanpaldi horretan parte hartu zuten zazpi herritar deklaratzera deituak izan ziren, eta epaiketaren esperoan daude orain.
43 milioi euroko kalte ordainen eskaera
2021eko abuztuaren 6an, lanak gelditu ondotik, Salvador Urbistondo Arotzarenak, Palacio de Arozteguía SM eta Hotel Palacio de Arozteguía SM enpresen izenean, kalte ordainak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari. Zehazki, obrak gelditzean sortutako kalteengatik 18.903.013 euro eskatzen zituen, eta lortu ez zuten irabaziengatik 24.757.363. Beraz, guztira 43,6 milioi euro baino gehiagoko eskaera izan zen. Aurkeztutako txostenean, bertzeak bertze, «proiektuaren kontrako mobilizazio eta mozioak, sabotaje eta mehatxuak, eta poliziaren pasibotasuna» salatu zituen. Gobernuek, kalte ordainen kontra, epaitegietara eraman dute auzia.
Zertan dago proiektua orain?
Obrak gelditu zirenean, TEX auzitik erretiratu zen, beraz, lanen ebazpena hutsik dago gaur egun. Hala ere, proiektua ez da bertan behera gelditu, UGEParen baimenak 2039ra arteko epea baitu. Eta lanak esleitzeko UGEPak agintzen duen prozedura da, hain zuzen ere, eztabaidagai nagusietako bat. 2021ean LABek obrak gelditzeko eskatu zuen, «Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak baldintzen plegua baliogabetua zuela» argudiatuz. 2022an Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion sindikatuari, lanen esleipena baliogabetuz eta, beraz, lanak legez kanpokoak izendatuz.
Horrez gain, jauregiaren ondoko ermita da gatazkako bertze korapiloetako bat. Izan ere, enpresak proiektuaren barnean sartu zuen, baina 2019an Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen ermita ez dela enpresarena. Promotoreak horren kontrako helegiteak paratu bazituen ere, auzitegiak epaia berretsi zuen 2022an.
Epaiketara begira
Kanpaldiko zazpi auzipetuak maiatzaren 19tik 23ra epaituko dituzte Nafarroako Justizia Jauregian. «Bortxa eta derrigortze» delituez gain, «talde kriminal antolatu baten parte izatea» leporatu diete, eta ondorioz, 56.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuten. Gainera, totalean 20 urteko kartzela zigorra eskatu dute auzipetuendako, eta ohartarazi dutenez, «43 milioi euroko kalte ordaina ere gure gain gelditzen ahal da, bizi osorako zigor ekonomikoa ezarriz».
Hori dela eta, Aroztegiko Elkartasun Komiteak epaiketaren egunetan «auzipetuei elkartasuna adieraztera» animatu du. Horretarako, aste osoko egitaraua prestatu dute epaitegien kanpoaldean goizero.