Zigako eskola ekainean hetsiko dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 8a, 08:00
Zigako eskolako sei ikasleak Leire Onsalo eta Maite Oteitza irakasleekin Zigako eskola aitzineko parkean.

Sei ikaslerekin hasi dute ikasturtea Zigako eskolan. Aurtengoa azkena izanen dute, ekainean hetsiko baitituzte ateak. Eskola maparen arabera, ikasleek Elizondoko eskolara joan beharko lukete, baina guraso gehienek beraien seme-alabek Baztango eskola ttikiren batean segitzea nahi dute.

Euskal musika doinuak aditu bidenabar, bakoitza bere aulkian jarrita lanean harrapatu ditugu Aroa Azkarate Elizegi (Aniz, 9 urte), Inar Alzuguren Barberena (Zigaurre, 8 urte), Ainara Barberena Gamio (Zigaurre, 8 urte), June Mendiburu Petrirena (Ziga, 8 urte), Maren Ibarra Gaskue (Ziga, 7 urte) eta Udane Barberena Gamio (Zigaurre, 3 urte betetzear). Lasai-lasai daude, goxo-goxo. Leire Onsalo Danboriena irakaslea dute ondoan, zerbait galdegiten dioten aldiro erantzuteko prest, laguntzeko prest. Horixe izan da Zigako eskolara hurbildutakoan ikusitako lehenbiziko irudia. Herri erdi-erdian dute eskola, frontoi ttiki bat ondoan, eta parkea aitzinean. Ikasturte hasmenta izanda oraino diferentea den deus sumatzen ez bada ere, aurtengo ikasturtea berezia izanen da, hondarrekoa izanen baitute.

Duela 17 urte berritua

Hiru solairuko eraikina da. Beheitiko gelan Onsalo irakaslea eta sei ikasleak dauden bitartean, goitikoan Maite Oteitza Apezetxea eskolako zuzendariarekin bildu da TTIPI-TTAPA. Hirugarren solairuan, berriz, salto gela dute, eta aldi berean, herriko batzartokia. 

Oteitzak ezaguna du eskolako martxa, aurtengoa hamazazpigarren ikasturtea baitu Zigan, hamazazpigarrena eta azkena. Zigara ailegatu zen urtean inauguratu zuten eskola berritua: «Garai batean nesken eta mutikoen eskola izan zen. Eskolak beheitian ematen zituzten eta goian maisu-maistraren etxebizitza izaten zen. Ez zituzten mantentze lanak egiten eta 2005eko otsailean eskolako sabaiaren zati bat erori zen». Zorionez, ez zegoen inor barnean. 

 

Eskola berritu ondotik, 2007ko otsailean inauguratu zuten. Ordukoa da argazkia.

«Osorik berritu zuten, eta obrak iraun zuen bitartean hasmentan Elizondoko eskolan eta ondotik Zigako apezaren etxean ibili ziren ikasleak». 2006-2007 ikasturtea hasterako inauguratu zuten eraikin berritua, «ni honat etorri nintzen urtean», dio Oteitzak. Aitzinetik «Berako Ricardo Baroja eskolan, Leitzako Erleta eskolan, Iruñeko Sanduzelai eta Iturengo Pulunpa eskoletan egin nituen ordezkapenak». Etxe ingurura hurbildu zelarik, «lehenbizi Amaiurren bi ikasturte egin nituen, Zugarramurdin bertze bi eta Azpilkuetan lau. Geroztik Zigan aritu naiz». 

Urtetik urtera beheiti

Urteak joan eta urteak etorri, «poliki-poliki» ikasle kopuruak izan duen beheititzearen lekuko izan da Oteitza. Bera hasi zen ikasturtean, erraterako, 20 ikasle zituzten, zazpi Haur Hezkuntzan eta hamahiru Lehen Hezkuntzan. Esplikatu duenez, «22-24 ikasle ere izan ditugu, baina urtetik urtera beheititzen joan da. Lehen bi gela izaten genituen; beheitiko gelan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehendabiziko zikloko ikasleak egoten ziren eta goitiko gelan bigarren eta hirugarren ziklokoak». Gaur egun, ordea, sei ikasle baino ez dituzte: «hiru urteko bat, bigarren mailan bertze bat, hirugarren mailan hiru eta laugarren mailan bat, eta denak gela berean biltzen dira».

Adin tarte zabalean dituzte ikasleak, «hiru urtetik zazpi urtetara ez dugu inor», eta aitortu duenez, «hori genuen ikasturte honetako erronka. Hasmentan klaseak modu batera pentsatu genituen, baina ikasleekin hasi ginenean, dena aldatu behar izan genuen». Gainerakoan, «irakasle espezialistak ahalik eta gutien etortzen» saiatu direla kontatu du: «Baztango eta Urdazubi-Zugarramurdiko herri ttikietako eskoletako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak asteazkenetan Iruritako Erreboteko eskolan biltzen dira, eta han, kurtsoka sailkatuta gorputz hezkuntza, musika, ingelesa, erlijioa eta balio sozialak ematen dituzte. Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzako gainerakoak asteazkenetan Almandozko eskolakoekin elkartzen dira, han gorputz hezkuntza, ingelesa, musika, balio sozialak eta erlijioa emateko. Hartara gorputz hezkuntzako eta musikako espezialistak ez dira etortzen, eta gure eskolan irakasleak bere modura antolatzen ahal du lana, mozketarik gabe».

Hurbiltasuna

Urte batzuk pasatu dituzte Haur Hezkuntzarik gabe, eta batez ere, hainbertzeko adin tartea duten ikaslerik gabe, eta hortaz, «ikasten» ari direla aipatu du zuzendariak. Baina aski garbi du eskola ttikia eta handia balantza batean paratuta zeinen alde eginen lukeen apustua: «dudarik gabe, landa eremuko eskola ttikien aldekoa naiz». Eta horren arrazoiak aipatzen hasita, «hurbiltasuna eta familia giroa» nabarmendu ditu: «Aunitzetan haurrek 'ama' erran izan digute, eta nik 'zer semetxo edo alabatxo?' kontestatu. Familia giro hori sortu dugu eskolan, eta familiekin dugun tratua ere handia da, hurbila. Bere garaian, errekreo denboran gurasoekin kafea hartzera ere joaten ginen». Iruritarra da Oteitza, baina Zigan «herriko bat gehiago bezala» sentitu izan da.

«Eskola ttikietan hurbiltasuna eta familia giroa sortzen dira»

Maite OTEITZA, Zigako eskolako zuzendaria

Patio orduan ere agerian gelditu da haurren eta irakasleen arteko konplizitatea, karta jokoan, parkean... denak elkarrekin baitabiltza. Are gehiago, ikasleek beraiek onartu dute «Maite eta Leirerekin ongi» daudela, eta «pena» sentitzen dutela eskola hetsiko dutela eta. Heldu den ikasturtean batzuk Elizondoko eskolara eta bertzeak Iruritara joanen direla erran dute, baina oraingoz, ez dute presarik: «Ez dugu bertze eskolara joateko gogorik, hemen ongi gaude». 

Patioan irakasleak eta ikasleak karta jokoan.

Eskola mapa aldatzeko eskaera

Eskola maparen arabera, «herrietan ez badago eskolarik, oinarrizko eskualdeko zentroa Elizondoko eskola da. Familiek harat joateko garraio eta jangela zerbitzuetarako dirulaguntza izanen lukete». Zigako eskolako familia gehienek, ordea, bertzelako bidea hartu nahi dute: «Elizondora joan beharrean, seme-alabak herri ttiki bateko eskolara joatea nahi dute. Hori aldatzeko eskaera udalak egin behar du eta udalaren bitartez, eskola mapa aldatzeko eskatu dute. Beraien eskola Iruritakoa izatea nahi dute. Orain, beraz, eskola mapa horren aldaketaren esperoan gaude».

«Familia gehienek semek-alabak herri ttiki bateko eskolara joatea nahi dute»

Maite OTEITZA, Zigako eskolako zuzendaria

Alde horretatik, Oteitzak Baztango Udalaren jarrera txalotu du: «udalaren aldetik bada interesa, bai udal honen aldetik, gai honi buruz mintzatzeko Hezkuntza Departamentuarekin bildu baita, baita aitzineko udalaren aldetik ere.  Aitzineko agintaldian, udala Berroetatik Zigako eskolara ikasleak garraiatzeko taxi zerbitzua paratzeko prest zegoen. Proposamenak ez zuen aitzinera egin, baina udalak 7.500 euroko aurrekontua aurreikusia zuen ikasturte guztiko taxia ordaintzeko. Oraingo udala ere lanean ari da, familiek eskatu bezala, haurrak Iruritako eskolara joan daitezen eta hori ere aipatu behar da».  

13 eskola gutiago eskualdean

Ekainean hetsiko ditu ateak Zigako eskolak, baina arriskua aspalditik begiz joa zuen iruritarrak. «Ezaguna» izaten omen zen gelako paretan paratua izaten zuen papera: «Herrian haurdunaldi bat bazela enteratzen nintzenean, marratxo bat paratzen nuen paper horretan, halako ikasturtean ikasleak izanen genituela zehaztuz. Zerrenda hori, ordea, aspaldi akitu zen. Hezkuntza ikuskariak ere bazekien, etortzen zenean ondoko hiru urtetarako aurreikuspenaren berri galdetzen baitzigun. Herria beheiti eta beheiti zihoala ikusten zen, eta haurrak ez direla sortzen ikusten duzunean, eskola hesteko arriskua ikusten duzu, eta orain hemen gertatu da». 

70eko hamarkadaz geroztik, gutienez hamahiru eskola hetsi dituzte eskualdean: Arano (1971), Elbete, Elgorriaga (1973), Gaztelu (1974), Urroz (1974), Oiz (1974), Aniz (1974), Donamaria (1976), Berroeta (1989), Zubieta (1995), Ezkurra (1999), Eratsun (2011) eta Beintza-Labaien (2019). Lekarozkoa, berriz, 1983an hetsi eta 2016an ireki zuten. Ikasle eskasia izan zen horietako batzuk hesteko arrazoia, eta eskualde mailako eskola kontzentrazioak eraiki izana bertze batzuetan. 

«Gibeletik ez da haurrik heldu, baina gaur egun daudenek segitu izan balute, bertze urte batzuez segitu izanen luke Zigako eskolak»

Maite OTEITZA, Zigako eskolako zuzendaria

Hain zuzen, Beintza-Labaiengo kasuaren harira mintzatu da Zigako eskolako zuzendaria. «Orduko ikuskariak Beintza-Labaiengo eskola hesteko erabakia hartu zutenak familiak izan zirela erraten zuen, eta banuen Zigan halako zerbait pasatuko zen beldurra». Herrian eskola bat zabalik mantentzeko Nafarroako Gobernuak ezarritako gutieneko haur kopurua bortz ikaslekoa da eta iruritarraren hitzetan, «gibeletik ez da haurrik heldu, baina gaur egun daudenek segitu izan balute, bertze urte batzuez segitu izanen luke Zigako eskolak; laugarren mailan dagoenak seigarren mailara arte eginen luke, baita hirugarren mailan daudenek ere».

Herri kontzientzia

Hainbertze urteren ondotik, «pena» sentitzen du eskolak ateak hetsiko dituelako. «Niri bi urte geldituko zaizkit jubilatzeko, eta ez diot bueltarik ematen neure buruari zer eginen dudan ez dakidalako. Pena ematen didana eskola hestea da, Zigak etorkizun grisa duela eta Basaburua moteltzen ari dela ikustea». Izan ere, heldu den ikasturtean ikastetxe bakarra izanen dute Baztango Basaburuan: Almandozkoa. Eta ikasturte honetan hamaika ikasle dituzte.  

«Baztango Basaburua moteltzen ari da eta heldu den ikasturtean ikastetxe bakarra izanen da: Almandozkoa»

Maite OTEITZA, Zigako eskolako zuzendaria

Urteotan herri batzuetan eskolak berriz irekitzeko saiakerak egin dituzte, baina Lekarozen baino ez da gertatu halakorik. Oteitzari «Zigakoa berriz ireki ahal izateko aferak aunitz aldatu» behar duela iruditzen zaio: «Kanpoan bizi diren zigatarrek badute herrimina eta asteburuetan eta bakantzetan etortzen dira, baina horrekin ez dugu deus egiten. Gero eta zerbitzu gutiago ditugu herrietan, jendea kanpora mugitzen delako, konparazio batera, erosketak egitera, eta herriak hiltzen ari dira». Horregatik azpimarratu nahi izan du «herri kontzientziaren garrantzia. Ez badugu herri kontzientziarik akabo gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun