Zigako eskolako gurasoak

«Zigako eskola hestea despopulazioaren ondorio garbia da»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 8a, 10:00
Ezkerretik hasita, Iñigo Alzuguren eta Mirian Barberena gurasoak eta Inar Alzuguren semeak.

Mirian BARBERENA IBARRA, Iñigo ALZUGUREN ARNIS eta Inar ALZUGUREN BARBERENA, Zigako eskolako familia

«Eskolako egoera aldatu ezean, noizbait hetsiko zutela denok buruan genuen, baina ez genuen espero horren fite izanen zenik». Halaxe aitortu du Mirian Barberena Ibarra gurasoak. Inar seme gazteena Zigako eskolan du, eta zaharrena aurten institutura joana. Ez ditu atzenduak haurra zela Zigako eskolan izandako «oroitzapen goxoak» eta eskola ttikiek dituzten «alderdi positiboak aunitz» direla dio. «Herri ttikiak zaintzearen beharraz» ere aritu da.  

Zein alde on ikusten dizkiozu eskola ttikiei?

Eskola ttikiek alderdi positibo aunitz dituzte. Adin tarte zabalekoak elkarrekin egotea haurraren garapenean arras inportantea da. Haurrek imitazio bidez ikasten dute eta zaharragoak eredutzat hartzen dituzte hauengandik hainbat jokabide ikasteko: ardurak hartzea, errespetua, enpatia... Kontrako noranzkoan ere bada ikaskuntza. Maisu-maistrek eskaintzen duten arreta pertsonalizatua eta indibiduala ikasleendako onuragarria da. Herriko eskolak herriarekiko lotura sortzen du eta hori herriaren etorkizunerako arras inportantea da. Eskola eta familien arteko harremana arras hurbila da eta horri esker ikaslearen beharrak hobeki asetzen dira, bai eskolan, bai etxean. Eskola ttikia izateak ez du erran nahi bakarrik lan egiten duenik. Baztango eta Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolek elkarrekin lan egiten dute eta gure seme-alabek bertze herrietako haurrak ezagutzen dituzte, beraien ikuspegia zabalduz.

Eskola herrian izatearen alde onak zein dira?

Eskola batek herriari bizia ematen dio eta herriarekiko lotura handitzen du. Herriarekiko kontzientzia gehiago hartzen da eta horrek herritar aktiboa izatera eramaten du. Gure kasuan, eskolan, Anizko bi familia izan ditugu. Honi esker, gure seme-alabek harremanak zabaldu dituzte eta Anizko herriarekin lotura polita egin dute. Beraz, eskola ez da edukiak ikasteko lekua soilik, sozializaziorako bide paregabea da.

Nola hartu duzue berria?

Egoera aldatu ezean, eskola noizbait hetsiko zutela denok buruan genuen. Halere, ez genuen espero horren fite izanen zenik. Hortaz, hetsi behar zutela jakin genuenean informazio bila eta bilerak egiten hasi ginen. Eskolako zuzendariarekin, ikuskariarekin, hezkuntza zinegotziarekin eta bertze eskola bateko zuzendaritza taldearekin bildu gara. Ikasturte hau berezia eta gogorra izanen da, egoera onartu behar dugulako eta ondotik dolu prozesua bizi beharko dugulako. Ez da xamurra izanen, egunero, gure eskolako pertsianak hetsiak ikustea!

Zein ondorio ekarriko ditu herrian eskola hesteak?

Zigako eskola hastea despopulazioaren ondorio garbia da. Azken urteotan herrian bizitzen gazte guti gelditu dira. Orain arte eskola mantentzea lortu badugu, bertan gelditu garen eta Anizko bi familiari esker izan da. Zigako etorkizuna ez dut beltza ikusi nahi, pentsatu nahi dudalako egoera hobetuko dela. Aunitzetan, herri ttiki hauetan bizitzen gelditzeko erraztasunak baino gehiago izaten dira oztopoak: lana dela eta; administrazioaren aldetik etxe zaharrak berritzeko egin behar den alderdi burokratiko guztia... Horrek aldatu behar du, bertzela eskualdeko herri ttikiak desagertzen joateko arrisku handia dago.

«Gure semearen hezkuntza prozesua D ereduan eta Baztango eskola ttiki batean izatea nahi dugu»

Heldu den urtean nora eramanen duzue semea?

Gure semearen hezkuntza prozesua D ereduan eta Baztango eskola ttiki batean izatea nahi dugu. Hortaz, orain aukerarik hoberena zein den baloratuko dugu, beti ere gure semearen iritzia kontuan hartuz.

Aldaketa izanen da zuen semearendako?

Bai, dudarik gabe: ez da bere herrian eta bere herriko eskolan egonen, lagun berriak eginen ditu... Halere, semeak hasmentatik badaki zein izan den eskolaren egoera. Aunitz solastatu gara gaiaz eta ideia batzuk garbi adierazi dizkigu. Elkarren ondoan egonen gara elkarri babesa emateko.

Zigako eskolan ibilia zara?

Bai, ni ere Zigako eskolan ibilitakoa naiz, baita nire anaiak eta ahizpa ere, edozein zigatar bezala. Oroitzapen politak ditut: maisu-maistrenak; Iruritako, Berroetako eta Almandozko eskoletan egiten genituen tailerrenak; irteera eta kanpaldietakoak; orakunde egunekoa; Etxezurin maisu-maistrekin bazkaltzen genuenekoa; bazkal ondoko tartetxoa eskolan egoten ginenekoa; errekreoetako jostetena; eskolako estufarena; eskolaren berritzearena... Arras gustura egon nintzen eskolan.

Nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Ez dut etorkizuna beltza ikusi nahi. Zigako herriak potentzial handia dauka eta bizitzeko herri zoragarria da. Herria bertan bizi garenok egiten dugu eta Zigan jende inplikatua, parte hartzailea, langilea eta zoragarria dago. Denon artean Zigako herriari bizia ematea lortzen dugu. Herri ttikia izateak ez du erran nahi herria hilik dagoenik.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Herri ttikiak zaindu behar ditugu eta zaintzeko herritarrak ezinbertzekoak gara. Hala ere, laguntza administratiboa (udalarena, gobernuarena...) ezinbertzekoa da eta horretarako eskualde bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar da eta tokian tokiko legeak ezarri. Alderdi honetan lan handia dago egiteko, baina esperantza ez dugu galduko. Momentuz, Baztango Basaburuan Almandozko eskola bakarrik geldituko zaigu. Urriaren 7an Eskola Ttikien besta bertan ospatu dugu. Lanean segituko dugu gure haurrei arbasoek utzi digutena emateko eta herria maitatu eta pertsona aktiboak izateko. Akitzeko, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen kanta batekin agurtuko zaituztet: «Eskola txikiak herri eta auzo, geroaren bila, pausorikan pauso!».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun