Zigako eskolako gurasoa

«Herri ttikietan bizitzea aukeratu dugunok ere zerbitzu publikoak, hurbilak eta euskaldunak nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 8a, 09:00

Arantxa GAMIO IGOA, Zigako eskolako gurasoa

Bi alaba ditu Arantxa Gamio Igoak Zigako eskolan eta eskola hestearen ondorioak «gurasoek, haurrek eta herriak» sumatuko dituztelakoan dago. Herriaren etorkizuna, eskola ttikien alde onak eta bertze hainbat kontu izan ditu hizpide.

Eskola ttikiek zein alde on dituzte?

Arreta pertsonalizatua, herrian dinamizazioa, hainbat adinetako haurren lagun giroa, hurbiltasuna, bertze herri eskolekin izaten den harremana, hezkuntza komunitateko kideen arteko komunikazioak sortzen duen harremana eta koordinazioa...

Eta eskola herrian izateak?

Herriari ematen dion bizitasuna, zerbitzu publikoak herrietan ere presentzia izatea, herriarekiko atxikimendua...

Zer sentitu duzue eskola hetsiko dela jakinda?

Baso bat ur hotz baten moduan, izoztuak gelditu ginen. Ikuskariarekin izandako bileran aukerak argi eta garbi adierazi zizkigun.

Zein izanen dira ondorioak?

Gurasook semeen edo alaben eskolatzeari buruz erabakiak hartu behar izan ditugu: ikastetxe aldaketa, ordutegi berriak, garraioa eta jangela zerbitzuak... Haurrengan ere aldaketa izanen da: ikastetxe arrotza, lagun giroa aldatu, bertze ikaskideak eta haurrak ezagutu, beldurrak, kezkak, ilusioak... Eta herrian hutsunea nabarituko ditugu.

«Guri D eredurik ez duen eta, orain arte ez bezala, herri koxkor bateko eskola dagokigu»

Heldu den ikasturtean nora joanen dira alabak?

Zerbitzu publiko, euskaldun eta herriko batean gaude eta ahal den neurrian hori mantendu nahi genuke. Aitzitik, eskola mapak zehazten du eskolarik gabeko herriek zein ikastetxeetan izanen dituzten jangela eta garraio zerbitzu bermatuak hezkuntza departamentuaren eskutik. Horrela bada, guri D eredurik ez duen eta, orain arte ez bezala, herri koxkor bateko eskola dagokigu. Horregatik alaben eskolatzean aldaketak izanen ditugu.

Eta zein aldaketa aurreikusi dituzue?

Hainbat aldaketa: ingelesak presentzia handiagoa hartuko du ikasketetan, ikasgelak mailaka antolatuak izanen dituzte eta gelan ikasle gehiago izanen dira, etxetik kanpo denbora gehiago egon beharko dute, errepidean gehiago mugitu beharko dute, harreman sarea zabalduz bertze herrietako ikaskideak izanen dituzte...

Nolako etorkizuna du Zigak?

Herri ttikietan zikloak izaten dira, eta orain, Ziga beheraldian dago, edo beheiti joa. Herritar gazteenak 3 urte ditu eta geroztik ez da inor sortu eta epe motzean ez dago inor sortuko den aurreikuspenik. Plaza eta karrikak gero eta hutsago eta isilago gelditzen ari dira. Goiti hasteko itxaropena ez dugu galdu beharko. Hala ere, ez dago etxebizitza aukera aunitzik eta guraso izateko adinean dauden gazte aunitzek herria utzi dute. Ea gibeletik datozenak herrian gelditzen diren eta indarberritzen garen.

Zer gaineratuko zenuke? 

Eskola mapa dekretu bidez arautua dago, dekretuak eta legeak egin eta aldatzeko eskumena dutenei gai hori berrikustea proposatuko nieke; biztanleriaren, herri ttikietako haur kopuruaren, herrien arteko harremanen, martxan diren herri eskolen eta abarren egoera aintzat hartuz. Tokian tokiko aukerak aztertu eta ahal den neurrian ezohiko neurriak hartzeko prestutasuna behar lukete, kontuan izanda egituraketarako arauak behar direla eta agian norbere nahiak bete ezinak direla. Baina bederen aukerak aztertzeko zirrikituak behar genituzke. Herri ttikietan bizitzea aukeratu dugunok ere zerbitzu publikoak, hurbilak eta euskaldunak nahi ditugu.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun