Amaiurko eta Arizkungo eskolek jardunaldi jarraitua izanen dute heldu den ikasturtean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 23a, 16:00
Arizkungo eskola.

Arizkungoa eta Amaiurkoa dira ikasturte honetan jardunaldi zatitua duten Baztango eskola ttiki bakarrak, eta horrek eragozpenak sortu izan dizkie. Baina heldu den ikasturtetik aitzinera, Baztango gainerako eskola ttiki guztiek bezala, jardunaldi jarraitua izanen dute. Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du onartu Baztan Ikastolan jardunaldi jarraitua ezartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dute Hezkuntza Departamentuaren ebazpena, eta hor ageri denez, 2023-2024 ikasturtean, «modu esperimentalean», jardunaldi jarraitua izanen dute Amaiurko eta Arizkungo eskoletan. Nafarroako bertze ikastetxe batzuetan ere onartu du eskaera. Ez, ordea, Baztan Ikastolan; eta jardunaldi zatituan segitu beharko dute heldu den ikasturtean. Gobernuak «familien botazioan eskatutako portzentajea lortu ez zutela» erranez arrazoitu du erabakia. Baztan Ikastolan gurasoen gehiengoa jardunaldi jarraituaren alde agertu zen, % 58 inguru alde, baina ez zuten behar zen % 60 lortu.

Amaiurko kasuan, jardunaldi jarraitua izateko boto bakarrera gelditu ziren. Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak TTIPI-TTAPAri kontatu zionez, «gurasoen bozketan % 58 jarraituaren alde agertu zen, baina ez genuen legeak eskatzen zuen % 60 lortu. Gure eskolan boto batek % 4ko balio du eta beraz, boto bat gehiago atera izan balitz, jarraitua izanen genukeen». Alde horretatik, «prozedura ez dela bidezkoa» zioen Salbotxek.

Baztango herri ttikietako eskolek urteak daramatzate elkarlanean. Aurten, ordea, Amaiurko eta Arizkungo eskoletan izan ezik, gehienak jardunaldi jarraituarekin gelditu dira, eta antolatzerakoan «sekulako konplikazioak» izan zituztela gehitu zuen Salbotxek: «espezialistak, proiektuak, ateraldiak, formakuntzak, koordinazioa... Dena konpartitzen dugulako».

Gisa honetara, eskualdean, Haur eta Lehen Hezkuntzetako 23 ikastetxetan jardunaldi jarraitua izanen dute 2023-2024 ikasturtean eta gainerako zortzietan zatitua.

Zein jardunaldi dute eskualdeko ikastetxeek heldu den ikasturtean?

Baztan
Almandoz IP Jarraitua
Arraioz IP Jarraitua
Azpilkueta IP Jarraitua
Elizondo IP Jarraitua
Erratzu IP Jarraitua
Gartzain IP Jarraitua
Irurita IP Jarraitua
Lekaroz IP Jarraitua
Oronoz IP Jarraitua
Ziga IP Jarraitua
Amaiur IP Jarraitua
Arizkun IP Jarraitua
Baztan Ikastola Zatitua
Malerreka
Doneztebe IP Jarraitua
Ituren IP Jarraitua
Saldias IP Jarraitua
Sunbilla IP Jarraitua
Bortziriak
Etxalar IP Jarraitua
Lesakako ikastola Jarraitua
Arantza IP Zatitua
Bera IP Zatitua
Bera IP Zatitua
Berako ikastola Zatitua
Berako Jesusen Bihotza Zatitua
Igantzi IP Zatitua
Lesaka IP Zatitua
Leitzaldea-Urumealdea
Areso IP Jarraitua
Goizueta IP Jarraitua
Leitza IP Jarraitua

Foru aginduarekin lanean

Bertzetik, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen jardunaldia arautzen duen sistema egokitzeko foru agindu berria onartzeko prozedura administratiboari hasiera eman dio. Gobernuak joan den azaroan iragarri zuen jardunaldi jarraituaren eta malguaren «izaera esperimentala» bukatu ondotik, ikastetxe guztiek 2024-2025 ikasturterako beren lanaldia erabaki beharko zutela foru agindu berriaren arabera. Jakinarazi duenez, horretarako prozesu parte hartzailea egin dute guraso elkarteekin, ikastetxeetako zuzendariekin eta sindikatuekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun