Jon Maia Soria

«Gure historia gure hizkuntzan kontatzea garaipena da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 3a, 11:00

Hainbat euskal artistek parte hartuko dute Maiak zuzenduko duen ikuskizunean. Utzitakoa.

Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrena omentzeko, ikuskizun handi bat aurkeztuko dute Amaiurko Herriak, Gaztelu Elkarteak eta Aranzadik, udalaren laguntzarekin. Abuztuaren 6an 21:30ean gazteluaren magalean. Sarrerak salgai daude amaiur.eus webgunean, Amaiurko arkeologia zentroan, Fantxiken eta Axularren.

Zumaian bizi den bertsolaria da Jon Maia Soria (Urretxu, 1972), baina «bertsolaria baldin banaiz ere, bertze arlo batzuetan aritzen naiz; dokumentalgintzan, idazten, abesten, letrak idazten… eta abentura gehiagotan». Bere azkeneko proiektua Amaiur 2022-2522, aurkituko gaituzuenoi ikuskizuna da, duela 500 urte Amaiurko gazteluan gertatutakoa kontatuko duena hainbat artista eta talderen laguntzarekin.

Gipuzkoarra izanda, zein da zure lotura Baztanekin?

Euskaldun aunitzek duten berbera: kantuaren bidezko lotura, arras inportantea dena. Kantek funtzio hori betetzen dute eta Euskal Herrian arras nabarmena izan da beti; herriak, bailarak, lurraldeak, lekuak, mendiak… kantengatik ezagutzen ditugu bertaratu aitzinetik ere. Baztan Laboaren kantetan ezagutu dugu, bertze hainbat abestitan bezala. Eta noski, bertsotara eta kantatzera joan izan naiz behin baino gehiagotan inguruko herrietara.

Eta Amaiurrekin?

Umetatik joan izan gara Amaiurrera, gure abizena Maia delako. Beti sentitu dut lotura berezia herriarekin, ttikitatik familiarekin bisitatzera joaten ginen eta gero nire kasa ere bai.

Urte berezia da aurtengoa amaiurtarrendako eta euskaldunendako, ez?

Euskal Herria osoarendako erreferentzia historiko bat da aurtengoa, Amaiurrek garai historiko baten amaiera sinbolizatzen baitu, galera bat. Gazteluaren setioa eta erresistentzia sinbolo bihurtu dira eta kultuzko leku bat da historiazale eta abertzaleendako, gure historiako gertakizun garrantzitsua baita. Egia da ez naizela arras historiazalea, aunitzetan sinplifikatzera jotzen dugulako eta ez dizkiogulako ertz guztiak ikusten, eta ez dut historia bereziki landu, baina sinbolismo berezia ikusten diot.

Horren harira, 'Aurkituko gaituzuenoi' ikuskizuna zuzenduko duzu…

Ikuskizunean historia aitzakia bezala erabiltzen dut garenaz hausnartzeko eta herritarrei perspektiba bat helarazteko; orain egiten duguna izanen da etorkizunen izanen garena, eta horren kontzientzia edukitzea inportantea da. Izenburuan ere horrekin jokatzen dut; etorkizuneko arkeologoek zer aurkituko dute gutaz? Eta zer ondorioztatuko dute? Gu orain dela 500 urtekoekin egiten ari garen bezala: Amaiur defendatu zuten, Nafarroa defendatu zuten… hainbat gauza suposatzen ditugu. Zer erranen dute gutaz 500 urte barruko arkeologoek? Zer izan ginela? Zer defendatu genuela? Nolako euskaldunak ginen? Alegia, nolako euskaldunak gara? Horri buruz hausnartzeko baliatu dut Amaiurko Herriak egin didan enkargua. Niretako, gure iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizun bat bermatzea da, eta hori da gehien interesatzen zaidana; memoria historikoa fosil bat da ez badiogu etorkizun bat ematen.

Zein talde eta artistek parte hartuko dute?

Denetik izanen da; abeslariak (Olaia Intziarte, Joseba Irazoki, Jean Mixel Bedaxagar eta Aire ahizpak), Oinkari dantza taldea, Et incarnatus orkestra, abesbatzak (Amaiurko Gaztelu taldea eta Baztango Koro ttiki)… eta sorpresatxo batzuk gehiago ere izanen ditugu. Jende aunitzek parte hartuko du.

Inoiz horrelako ikuskizun haundirik zuzendu duzu?

Ez, eta honekin ezagutzen ari naiz zer den honelako proiektu handi bat egitea. Ikuskizun konplexua da eta ez dut eszenatokian gertatuko denera bakarrik mugatu nahi izan. Horregatik, proiekzioak erabiliko ditugu eta publiko eta oholtzakoaren arteko barrera puskatuko dugu.

Erronka haundia da?

Bai. Gainera, ez du egitura profesional bat gibeletik, Amaiurko Herria baizik. Arras herri ttikia da Amaiur eta bertako jende eta alkatearen laguntzarekin egiten ari gara dena, auzolanean. Hori polita da, baina lan handiagoa eskatzen du.

Zenbat ikusle espero dituzue?

2.000 lagunendako tokia izanen da. Aunitz dira eta gainera, sinbolismo berezia du ikuskizunaren lekuak. Amaiurko gazteluaren muinoko belaietan eginen da, duela 500 urte nafar horiek setiatuak erresistentzian egon ziren leku berean. Gure historia kontatuko dugu bertan, haiek mintzatzen ziren hizkuntza berean, eta hori da niretako garaipena. Haiek borroka galdu zuten, baina mende erdiaren ondotik gertakizunen zelai berean guk haien hizkuntza berean gure historia kontatzea, gure ahotsetik, garaipen sinboliko handi bat da niretzako. Sentsazio arras bereziak biziko ditugu ikuskizunaren gau horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun