Urtebete iraun zuten bertan, Frantziako armadaren laguntzaren zain, baina frantziarrak ez ziren inoiz agertu. 1522ko uztailaren 13an Karlos V.ak 7.000 gerlariko espedizioa bidali zuen, eta gazteluari setioa jarri zioten. 200 bat nafar bildu ziren gaztelua babesteko, eta setioak astebete iraun zuen. Uztailaren 19an nafarrak Mirandako kondearen aitzinean errenditu ziren. Abuztuaren 11n konkistatzaileek lehergailuak paratu zituzten Amaiurko Gazteluan, eta leherketa bailara osoan entzun zutela erraten da.
Gertakari hau omentzeko, 1922an (400. urteurrenean), gaztelua zegoen tokian Serapio Esparza arkitektoak egindako monolitoa paratu zuten. Monumentua 1931ko uztailaren 26ko gauen dinamitatua izan zen, Lizarrako estatutuaren eztabaidaren testuinguruan. Diotenez, Falangeko segitzaileak izan ziren erantzuleak, monolitoa Gaztelako Erresuma traizionatu zuten nafarren ikur gisa ikusten baitzuten.
1982an, berriz, herriko gazteek Gaztelu elkartea sortu zuten eta monolitoa berreraikitzea erabaki zuten. 2006an Aranzadi Zientzia elkarteak indusketa arkeologikoei ekin zien eta lurpean gelditu ziren arrastoak agerpean gelditzen hasi ziren. Aurkitutako aztarna arkeologikoak Amaiurko museoan ikusgai daude gaur egun.
Askatasunaren eta erresistentziaren ikur
Euskal Herriko historiaren erreferentziazko lekua da gaur egun Amaiur, eta gaztelua erresistentziaren eta askatasunaren ikur bihurtu da geroztik aunitzendako, Nafarroako errege legitimoei leial izan zen azken gaztelua izan baitzen. Espainiako Gerra Zibilean euskal gudarostean zeuden batailoietako bati Amaiur deitu zioten, askatasunaren sinbolo bihurtuta. Bertzeak bertze, Lauaxetaren Amaiur gaztelu baltza olerkiak biltzen du gertatutakoa, gerora hainbat abeslarik eta musikarik kantatu dutena. Amaiurko Herriak, Gaztelu elkarteak, udalak eta Nafarroako Gobernuak gertaera hau omentzeko hainbat ekimen abiatu dituzte aurten, duela 500 urte Amaiurren gertatutakoa atzendu ez dezagun.