Txopoa goratuz eta bandera dantzatuz hasi dituzte San Juan bestak Arizkunen

Fernando Anbustegi 2022ko eka. 23a, 10:30

San Juan bestak atzo abiatu zituzten Arizkunen. Eta, nola ez, sinbolismoz beteriko detailerik ez zen falta izan atzo, bi urtez bestarik gabe egon ondotik, jendea gogotsu eta ilusioz gainezka zegoen Arizkungo plaza borobilean. Lehenbiziko altxaferoa bota eta ezkil jotzearen ondotik, aspaldiko partez plazan bandera dantzatu zuten eta gero, herritarrek 19 metro luzeko txopoa goratu zuten plaza bazterrean, bestak piztu direnaren seinale. Igande arratsera arte egonen da zutik. Arratsean, Baztan Zopak dastatu zituzten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

San Juan bezpera gaur

Gaurkoa ere berezia izanen da Arizkunen, San Juan bezpera. Eguerdian Tukuketa erraldoia eginen dute, Baztango Tribiala aintzat hartuta. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Hauspolariek taldearen eskutik, eta bi dantzaldien artean bestetako momentu berezienetarikoa iraganen da, udako solstizioari loturiko suak. Ezkilak jotzen ari diren bitartean, karrikaz karrika, etxeen atarietan suak piztuko dituzte eta herritarrek eta bertze hainbat tokitatik etorritako bisitariek herria su guztien gainetik saltoka zeharkatuko dute. Suen aitzinetik, dena den, aurten ekitaldi bertze ekitaldi eder bat izanen da, azken hilabeteetan prestatzen aritu diren ezpata dantza erakutsiko baitute herriko gazteek.

Ortziralean zaindariaren eguna ospatzeaz gain, Arizkun Rock jaialdiaren zortzigarren edizioak jendetza bilduko du, eta larunbatean eta igandean ere ekitaldi ugari izanen dituzte bestak borobiltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun