Berroetako herriak maiatzaren 22an suak hartu zuen baserriko familia laguntzeko elkartasun kontzertuak antolatu ditu. Ekainaren 12an, heldu den larunbatean, izanen dira emanaldiak eta sarreretatik biltzen den dirua erre zen etxearendako izanen da.
Arratsaldean, 18:00etan Ameli ipuinen jostuneren kontaketa aditu ahal izanen da. Ondotik, 18:30ean Gandeia taldeak hartuko du lekukoa. 19:00etan Madame Birrots, 19:30ean Lau Haizetara eta, akitzeko, 20:00etan Hauspolariek taldea izanen dira.
Sarrerak mugatuak izanen dira eta atzotik salgai daude Oskorrin, Intzan eta Zubipuntan. Helduek hamar eurotan dituzte eta haurrek debalde. Bide batez, «ekarpen guztiak» eskertuko dituztela oroitarazi nahi izan dute.