Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Kanpalekua utziko duela jakinarazi du Aroztak herri-ekimenak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko api. 29a, 08:00

Hamaika egunen ondotik, eta Aroztegiko obrarekin hasi zen Tex enpresak alde egin duela ikusita, kanpalekua uztea erabaki dute aroztek. Orain, «indarrak maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioan» jarri nahi dituzte.

Aroztegiko obrak geldiarazteko helburuarekin, apirilaren 16an abiatu zuten Lekarozko Aroztegia eremuan kanpalekua. Egun horietan «gure gorputzak makinen aitzinean paratuz, gure ingurua xehatzeko helburua zuten horiek gelditu» dituztela nabarmendu dute Aroztak herri-ekimeneko kideek, eta «egunero mehatxatzera etorri zaizkigun hainbat koloretako indar errepresiboei elkarri helduta kontra egin» dietela gaineratu dute. Areago, «kanpalditik kanpo lanean aritu diren lagunak ere hamaika izan dira».

Hartutako elkartasuna ere azpimarratu dute: «Elkartasun olatu batek babesa eta indarra eman digu, Lekarozko herritik hasita, Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatuz. Saretzeko eta gure borroka indartzeko balio duten harremanak sendotu ditugu, txikizio hau gelditzen ari garen bitartean». Aldi berean, «elkar zaindu dugu lurra zaindu dugun bitartean, argi baitugu helburua bezain garrantzitsua dela bidea».

Tex enpresak joan den ortziralean eraman zituen Aroztegia eremutik makinak eta «borroka luze honetan ospatzeko moduko garaipena» dela diote aroztek. Baina argi utzi dute helburua: «Udalez gaindiko eragina duen plan hau alde batera gelditzea da helburua eta ez dugu etsiko hori lortu arte». Gisa berean, «Nafarroako Gobernuari, Palacio de Aroztegia S.L. enpresari eta bere konplize den Tex enpresari argiki» adierazi nahi izan diete «hemen herriak agintzen duela eta heldu dena heldu dela ere, inposizio honen aitzinean beti edukiko gaituztela parez pare».

«Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara, eta berriz ere geldituko dugu».

Kanpalekua alde batera uzteko asmoa badute ere, garbi dute borrokari eutsiko diotela: «Ez gara zozoak, badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko. Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara, eta berriz ere geldituko dugu».

Nafarroako Gobernuarekin kritiko

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du Aroztak mugimenduak: «Afera honetan diru gose aseezina duten kapitalista hauek baino ardura handiagoa dute Nafarroako Gobernuak eta bera babesten duten alderdi politiko guztiek». Arozten hitzetan, «inposizio hau ez da posible eroskerian eta ustelkerian oinarritutako sistema bat onartzen duten eta horren parte diren ordezkari politikorik gabe». Hori horrela, «berriz ere Nafarroako Gobernuari eta modu zuzenean edo zeharka hura babesten duten alderdi guztiei UGEP hau alde batera uztea beren lehentasuna bihurtu dezaten eskatzen diegu. Hortik aparte egiten diren eskaera guztiak itxurakeria eta zurikeria bertzerik ez dira».

Akitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete «borroka honetan modu zuzenean zein zeharka parte hartu duten guztiei». Etorkizunean ere «elkarrekin bidea egiten dugun ilusioa» hortxe dutela adierazi dute, sinetsita daudelako «Aroztegiaren aldeko borroka bizitzaren aldeko borroka dela» eta hala, «guztiak beharrezkoak garela».

Manifestazioa maiatzaren 15ean

Kanpalekua utzita, maiatzaren 15ean Elizondon eginen duten manifestazioari begira jarri dira orain aroztak. Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu! aldarrikatuz egun horretan Elizondoko plazatik aterako da manifestazioa, 17:30ean. Hori baino lehen, hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbat honetarako.

Ikusi hemen Aroztegiko proiektuaren inguruan sortutako berriak.

Erlazionatuak

Aroztak kolektiboak kanpaldia utzi du

Xorroxin irratia 2021 api 29 Baztan   Lekaroz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun