Apartamentu-turistikoak Baztango alokairuko bizitegietan izaten ari diren ondorio kaltegarriaz ohartarazi du Baztango EH Bilduk

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 26a, 16:00

Baztango EH Bilduren hitzetan «lehenengo apartamentu-turistikoak agertu zirelarik guttik ikusi zuten gerora sortuko zen arazoa». Eta arazoa «orain gero eta nabarmenagoa» dela salatu dute. Ildo horretan, «Baztango Udalak ostatu-turistikoak arautzeko sektorearen azterketa hasi duela» iragarri dute eta, diotenez, «badaiteke arauketa berriarekin gaia bideratu ahal izatea». 

Hala ere, «arauketa egin orduko denbora puska» bat joanen dela abisatzen dute eta, aldi berean, «alokairuko bizitegiak apartamentu turistikotarako aldatzeak gelditu gabe segitzen duela» ohartarazten dute. Horregatik, «baztandar guztien eta bereziki etxejabeen ardura sozialari dei egin nahi» dio EH Bilduk, «herritarrek bizitegia edukitzeko duten beharra eta eskubidea» kontuan hartuz.

«Bizitegia izatea aunitz zailtzen ari da Baztanen»

Prentsa-oharrean diotenez, «bizitegia izatea aunitz zailtzen ari da Baztanen». Etxetzarrekin gertatzen ari denaz gain, «apartamentu turistikoak han-hemen agertzen ari direla» salatu dute. Apartamentu hauetako aunitz alokairuko bizitegi gisa erabili izan dira, jabeak iritzia aldatu eta ostatu-turistikoa izatea erabaki duen arte. «Berriki, alokairuan bizi zen maizter gazte bati lekutzeko agindu dio nagusiak, apartamentu hori ostatu-turistikotarako erabili nahi duelako». EH Bilduk jakitera eman duenez, horrelako «ohartarazpen» gehiago daude eta «ez du irudi geldituko direnik». Egoera horretan «maizterrak isilik, norat jo ez jakinki, etsi-etsian bere bakartasunean bizi du arazoa, arazoa berea bakarrik bailitzan». Hain zuzen, horixe da EH Bilduko udalkideen ustez saihestu behar dena, «alokairuko bizitegiekin eta apartamentu-turistikoekin gertatzen ari dena norberaren arazoa bertzerik ez dela» pentsatzea, eta «gertatzen ari denaren alderdi sozial guztia atzentzea».

Baztango EH Bilduren iritziz, arazo honen alderdi sozialak baditu bi ezaugarri: batetik, «hutsik dauden bizitegi aunitz» daudela eta, bertzetik, «etxe aunitz bigarren bizitegia gisa erabiltzen» direla. Haatik, herritar aunitzendako «lehen bizitegia izatea gero eta zailagoa da». Eta horrek «bi ondorio ditu: bizitegia alokairuan ezin hartu ahal izatea eta, hartzekotan, alokairuaren saria gero eta handiagoa» izatea. EH Bilduk aditzera eman duenez «azkeneko urte guti hauetan alokairua, banaz bertze, 350 euro inguru ordaintzetik 450 inguru ordaintzera» pasatu da.

Egoera honek, batez ere, «Baztango gazteak, aldi baterako etortzen diren profesionalak (irakasleak eta erizainak bertzeren artean) eta migratzaileak»  ukitzen ditu zuzenki.  Gazteen kasuan «gurasoen etxetik lekutzea zailtzen du, bizitza autonomoa hastea gibelaraziz edo bailaratik lekuaraziz»; profesionalen kasuan «ez dira guti bizitegia Baztandik kanpo hartu behar izan dutenak» eta migratzaileek «maiz aski, pilaturik bizitzera beharturik ikusten dute beren burua».

Azkenik, guzti honek bere horretan segituz gero «bailara biziarazten duten gazteak, profesionalak, migratzaileak…  lekutuko direla» ohartarazi dute eta horrek «oinarrizko zerbitzuetan, hainbertze lanetan, demografian… ondorio handiak» izanen dituela gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun