1.500 euro arteko dirulaguntza jasoko du etxebizitza hutsa Nasuvinsaren Alokairu Poltsan alokagai jartzen duen partikularrak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 24a, 17:00
Etxejabeak 1.500 euro arteko dirulaguntza jasotzeaz gain, hainbat berme eta abantaila fiskal izanen ditu.

Etxebizitza hutsak alokairuaren merkatuan sartu nahi ditu Nafarroako Gobernuak eta, hori bultzatzeko, 225.000 euroko diru funtsa aurreikusi ditu 2021eko aurrekontuetan. Errentamendu hauek Nasuvinsaren bitartez eginen dira eta etxejabeek erabat bermatua izanen dituzte bai maizterren ordainketak eta baita kontratua amaitzean etxebizitza baldintza egokietan berreskuratzea ere.

Dirulaguntza deialdi honen bitartez gero eta handiagoa den alokairuko etxebizitzen eskaria hornitu nahi da eta, horretarako, etxejabeei hainbat berme eta abantaila eskaintzen dizkio Nafarroako Gobernuak.

Onuradunak

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte euren etxe hutsak Nasuvinsak duen Alokairuen Poltsan sartzeko kontratua sinatzen duten partikularrek, alokairu-poltsan atxikitzeko, betiere, etxe hori hiru hilabeteko epean alokatzen bada.

Lagapen horrek, bertzeak bertze, honako hauek bermatuko dizkio etxejabeari: hileko errentaren ordainketa puntuala, Nasuvinsak alokairuaren kudeaketa bere gain hartuko duela, etekinen gaineko zerga-arinketak, beharrezko liratekeen erreformetarako %0ko finantzaketa eta kontratua bukatzean etxebizitza egoera perfektuan berreskuratuko denaren bermea.

Laguntza hauek jasotzeko eskabideak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 2ra bitarte aurkez daitezke, ahal dela telematikoki, tramite-fitxaren bidez, edo Etxebizitza Zerbitzuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun