Hutsik dauden etxebizitzak errentan ematea bultzatzeko kanpaina abiatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 27a, 16:00
Udalak Nasuvisarekin osatua duen alokairu poltsan parte hartuta, arazorik gabe alokatzen ahalko da, hilabeteko saria bermatua izanen da, etxebizitzari asegurua eginen zaio eta egoera onean itzuliko dela bermatua dago.

Baztango Udalak, etxebizitza eskubidea bermatzeko zailtasunak zeintzuk diren ikusi eta, Bizitegi larrialdia kanpaina martxan jarri du. Hasteko, esku-orri batzuk banatu dituzte etxebizitzak alokatzeak duen garrantzia azpimarratu eta Nasuvinsaren alokairu poltsaren inguruko informazioa emanez.

Duela gutxi egin zuen Baztango Udalak etxebizitzen alokairuaren egoeraren diagnosia. Bertan ikusi zituzten zeintzuk ziren gaur egun Baztanen etxebizitza bat alokatzeko dauden zailtasunak. Egoerari irtenbide bat emateko asmoarekin abiatu dute Bizitegi larrialdia kanpaina.

Kanpaina honen baitan emandako lehenbiziko pausoak herritarrak informatzea du helburu: «etxez-etxe eta sare sozialen bidez banatu ditugun esku-orrien bidez hutsik dauden etxebizitzak alokatzeak duen garrantzia azpimarratu eta Nasuvinsaren alokairu poltsaren inguruan solasten da».  Bertan azaltzen dutenez, hamarnaka herritarrek bizitegia izateko arazoa dute: «horregatik, batzuk, etxeetan pilaturik bizi dira. Bertze batzuk, gurasoen etxetik ezin lekuturik dabiltza eta zenbait, kale gorrian daude». Herritarrei hutsik dituzten etxebizitzak alokairuan ematera animatzea da asmoa, izan ere,  «zure etxea alokairuan emanez gero, hainbertze jenderen egoera hobetzen lagunduko duzu». Horretarako, Baztango Udalak Nasuvisarekin osatua duen alokairu poltsa jarri dute herritarren eskura: «poltsa horretan parte hartuta arazorik gabe alokatzen ahalko dute. Hilabeteroko saria bermatua izanen dute, etxebizitzari asegurua eginen zaio eta egoera onean itzuliko zaienaren bermea izanen dute». Poltsa honen inguruko informazio gehiago nahi duenak Baztango Udalera hurbildu eta bertan eska ditzake xehetasun gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun