Koronabirusa

Baztandarren Biltzarra alde batera uztea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 16:44

«Hausnarketa urtea» izanen da aurtengoa eta boluntario sarea osatzeko baliatuko dute

 

Covid-19 birusa dela eta, Baztandarren Biltzarra elkarteak aurtengo besta alde batera uztea erabaki du. Adierazi dutenez, «egoerak hala behartuta» hartu dute erabakia eta 2020an Baztandarren Biltzarrarik ez dela izanen jakinarazi dute: «ez da erraz hartutako erabakia izan, baina, egungo egoera ikusirik ezinezkotzat jo dugu egun honen antolaketa».   Argazkiak: Valledebaztan.com

Bestarik ez denez izanen, «hausnarketa urtea» izanen dela jakinarazi dute, «elkartea ez baita une goxoak bizitzen ari». Egoera horri buelta emateko eta egun duten «lan karga handia» saihesteko, lan-sare bat sortzen ari direla argitu dute. Hala, «bestarik antolatuko ez den arren boluntarioak biltzeko ekimenak martxan segituko du». Horrekin, «baztandar guztien prestutasuna» ikusi nahi dute: «hori ere 2021eko antolaketan ezinbertzekoa izanen da».

Keinuren bat egiteko ideia mahai gainean

Ospakizun handia egitea ezinezkoa den honetan, elkarteak «urte bukaeran seinaleren bat egiteko ideia mahai gainean» paratu du. Oraindik, ordea, ez dute aitzineratu nahi izan: «aitzinerago etorriko dira etorri beharreko albisteak».

Akitzeko, elkarteak antolatze lanetan ibili diren «sukaldari, zerbitzari, musikari, teknikari, dantzari, artisau, herritar, garbitzaile, komertzio, laguntzaile eta bidean atzendu ditugun lagun guztiei» eskerrak eman nahi izan dizkie: «Zuek gabe besta honek ez luke duen distirarik izanen. 2020koa ezinezkoa izanen bada ere, 2021eko Baztandarren Biltzarra ahaztezina izanen da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun