Esperantzarik gabe ezin da bizi. Horregatik eusten dio Baztandarren Biltzarrak, gaur gaurkoz, besta antolatzeko lanei. Egungo egoeraren larritasunaz jabetuta, argi dute besta «kinka larrian» dagoela. Dena, ordea, ez dago erabakia eta, hala izan artean, «agindu ofizial bat jaso arte» lanean segituko dute.
Kontaiguzu noiz sartu zinen Baztandarren Biltzarra antolatzeko taldean eta nolatan animatu zinen.
Baztandarren Biltzarra elkartean 2013. urtean sartu nitzen eta egia erran behar badut, aspaldi burutan neukan zerbait zen, baina ez nuen pausoa ematen. 50. urteurrena ospatu zen egunean halako giro (hori urtero) eta emozioa sentitu nuenez, pausoa ematea erabaki nuen.
«Komisio bakoitzak bere lanak ditu eta, horiez gain, denen artean banatuta egin diren lan dezente daude»
Noiz hasten zarete antolatze lanetan? Eta akitu?
Bestakin lotutako bilerak otsailean hasten direla erranen nuke, gauza batzuk lotzeko goizik ibiltzea ezinbertzekoa baita. Bilerak hilabetean behin egiten ditugu, baina besta hurbildu ahala maiztasuna handitzen da. Akabaila, berriz, besta ondorengo balorazio bilerakin eta kontuen aurkezpenakin egiten dugu, azken hau urte hondarrean izaten delarik.
Zenbat lagun zaudete taldean eta nola banatzen dituzue egitekoak?
Momentu honetan 16 kide gaude elkartean eta komisioka funtzionatzen dugu. Komisio bakoitzak bere egitekoak dauzka, baina horiez gain, lan dezente daude, denen artean banatu eta egiten ditugunak.
Zein d(ir)a zure ardura(k)?
Ni desfileko komisioan nago aitzineko urteaz geroztik, beraz, nire lana orga desfileko dantzariekin eta musikariekin harremanetan jartzea, herrietako orga egileekin bildu eta orgen inguruko informazioa azaltzea eta igandean desfilean parte hartzen duten guztien kokapena ziurtatu eta ordutegi baten barruan eramatea dela erranen nuke, honek atzean dauzkan gehigarri guztiak barne. Hala ere, azken urteetan dugun egoeraren ondorioz, bertze komisioetako lan batzuk egitea ere tokatu izan zait.
«Azken urteetan dugun egoeraren ondorioz, bertze komisioetako lan batzuk egitea ere tokatu izan zait»
Berriki Baztandarren Biltzarra «kinka larrian» dagoela aipatu duzue. Azaldu zerk baldintza dezakeen besta ospatzea…
Denen ahotan dagoen Covid-19 birusak eragin duen pandemiak gure ingurua geldiarazi du; egoera noiz eta nola mugituko denaren gaineko ezjakintasuna da momentu honetan dugun trabarik handiena. Gure besta honetan jende aunitz elkartzen gara, eta ez dakigu holako dimentsiotako besta bat antolatzeko baimenik izanen dugun. Sanferminak alde batera gelditu dira eta hurrengoak gu izan gaitezkeela jakinik ere, agindu ofizial bat jaso artean lanean segitzea erabaki dugu. Momentuz hori da adostu duguna eta aldaketarik izanen balitz jakinaraziko genuke.
Hori aski ez balitz, aurretik elkarteak duen egoerak ez du prestaketetan laguntzen, eta horren aurrean erabaki ezberdinak hartu beharrean ikusi gara, bolondresen sarearen planteamendua kasu.
Aurten tonbolarik ez egitea erabaki duzue… Zergatik hartu duzue erabaki hori? Ekonomikoki zer ondorio izanen du horrek?
Egun elkarteak bizi duen egoerak erabaki batzuk hartzera eraman gaitu, eta hau izan da horietako lehenengoa; tonbola komisioa kentzea erabaki dugu bertan dauden kideak berte komisioetara pasatu eta hauek indartzea ezibertzekoa ikusi dugulako. Ekonomikoki ondorioak izango ditu, bai, tonbolari esker elkarteak diru sarrera ziur bat lortzen baitu, baina gauzak horrela, hartu beharreko erabaki bat zela uste dut. Pena haundia eman digu, azken urteetan tonbolaren inguruan hausnarketa potoloa egin baitu elkarteak, baita aldaketa asko planteatu ere.
«Elkarteak bizi duen egoerak erabaki batzuk hartzera eraman gaitu»
Herritarrek zer egin dezakete Baztandarren Biltzarra aitzinera ateratzen laguntzeko?
Denen besta den Baztandaren Biltzarran parte hartu eta lan egiteko gogoa piztea izango litzateke lehenengo pausoa. Bigarren pausoa, berriz, sentitzetik egitera pasatzea, elkartea prestatzen ari den boluntario sare horretan izena eman eta bertan agertzen diren lanen bat eginez. Honen inguruko argibideak dena prest dugunean emanen ditugu, baina honetan izena emanez gero, gure ardurak betetzeko denbora gehiago izango dugu eta denek bertze erritmo batean ibiltzeko aukera izanen dugu.
«Herritarrek elkartea prestatzen ari den boluntario sarean izena eman dezakete»
Nola animatuko zenituzke boluntarioak?
Boluntario lana egiteak duen zentzu negatibo hori alde batera uzteko erranen nieke, aunitzetan, bai besta aitzinean baita besta egunean ere lanean sortzen den giroa arras arras ona baita. Jende aunitzekin egoteko aukera ematen baitu. Ni elkartean sartu nintzenean jende aunitz ezagutu nuen, eguneroko kuadrillan ez dagoen jendea eta gaur egun nere lagunak dira... hori aberastasuna da!
Uztailean ospatzeko zailtasunak izatekotan beranduago ospatzeko aukera aztertu duzue?
Ez, egia erran aukera hori ez dugu aztertu, eguna aldatzeak zailtasun batzuk ere ekarriko bailizkiguke. Aukeren artean betiko egunean egitea edo ez egitea daude momentu honetan. Dena den, ez dugu baztertzen elkarteak aitzinerago zerbait xumeagoa antolatzea. Halere, hori mahai gainean dugun kontu bat da, oraindik eztabaidatzeke dagoena.
Zer da Baztandarren Biltzarra zuretzat?
Buf, hitz aunitz etortzen zaizkit burura, eskuara, lagunak, giro ona, alaitasuna, urduritasuna, besta, parte-hartzea… urteko egunik bereziena da niretako, dudik gabe, pentsa zer den niretako!