Elizondoko feriak ospatuko dituzte ortzirale eta larunbatean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 26a, 12:46

Azienda ugari plazaratuko dituzte ortziralean Elizondon.

Aziendak eta postuak ikusteko aukera izanen da

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, ate joka ditugu feriak. Elizondoko herriak antolatuta, urriaren 28 eta 29an, izanen da hitzordu garrantzitsua, beti bezala, ortzirale eta larunbatez. Aziendak ikusi eta traturen bat egin nahian doazenek, posturik postu pagotxen bila dabiltzanak, bestarako gogoz daudenak... denek eginen dute bat udazkeneko lehenengo ferietan. 

 

Kalitate eta itxura bikaineko ahari, behor, behien... erakustoki bihurtuko da ortziralean Elizondoko Merkatu Plaza goizeko 10etatik eguerdira bitarte. Makineria erakusketa ere eguerdira arte egonen da ikusgai. Postuak izaten dira Elizondoko ferietako bertze osagai garrantzitsua. Elizondoko karriketan barna 200 inguru jarri izan dituzte aitzineko urteetan. Aurten ere, nekazaritzako lehengaiak, tresnak, jakiak, arropak... jarriko dituzte salgai, ortziral eta larunbatean egun osoz. Sahararen aldeko tonbolan parte hartzeko aukera ere izanen da.

Larunbateko atsoferien ere izanen da zer ikusi eta zer erosi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun