Koxkortu ahala aspertuko zela aditu izan du behin baino gehiagotan baina denborak ez die arrazoia eman hori ziotenei «ni seguru nintzen aziendekin segitu nahi nuela, bizitzen nuen zerbait zela. 12 urte bete nituen, 15 gero... eta ikusi nuen segi nahi nuela eta orain 22rekin ere bai».
Afizioa
Abeltzaintzatik bizitzea ez dela erraza badaki, «abeltzaintza eta lehenengo sektorea orokorrean, ez dago ongi baloratua eta gobernuak oraindik ez du bultzatzeko apustu handiegirik egin, diru-laguntza askorik ez du ematen». Horregatik agian, abeltzaintza ofizio baino afiziotzat du «pedagogia terapeutikoko ikasketak bukatu, irakasle lanetan aritu eta etxean aldi berean aziendak eduki nahiko nituzke». Benetan gustatu beharreko zerbait da bere ustez «hemen oporrik ez da. Aziendek egunero jaten dute eta egunero joan behar duzu haiengana. Behiak belaira bota eta horrekin guztia egina dagoela uste dute batzuk baina zaindu eta kontrol bat eraman beharra duzu».
Piriniar arraza
Ttikia zelarik, sei zazpi behi zituzten etxean «mestizoak, blondak...» eta 2003an hasi ziren Piriniar arrazako behiak hazten «Elizondoko lehenbiziko lehiaketa-enkantea egin zen 2003an eta bertan piriniar arraza ezagutu eta familia guztiari gustatu zitzaigun. Erabaki genuen arraza hori paratzen hastea eta hiru miga eta zezen bat erosi genituen». Egindako apustuarekin kontent daude «ikusi genuen guk genituenak baino maneju hobeagokoak zirela, ugaltzeko garaian batez ere; erditzekoan eta ernari geratzekoan. Gaur egun behi guztiak arraza honetakoak ditugu».
Elizondoko lehiaketa-enkantean saria izan du egiten dutenak lanak «Bibi saria aurten bigarrenez jaso dugu. Guretzako sari berezia da Bibirekin erlazio arras ona izan genuen eta hein handi batean berari esker animatu ginen plazetara. Guretako erreferente bat izan zen». Sariak «urte osoko lanaren erakusle» direla dio «helburua gure produktua jendaurrera ateratzea da eta gero saltzeko aukera izatea».
Antolakuntzan ere bai
Lehiaketa-enkantean parte hartzeaz gain, antolakuntza lanetan ere ibiltzen da Alvaro «2013an hasi nintzen ordura arte Bibik egiten zuen lana egiten eta arras gustura ibiltzen naiz. Babesleak bilatu, kartelak paratu, boletoen kudeaketa egin...»
Duen afizioa ikusirik ez da harritzekoa feriazalea izatea «bertze edozein tokitan baino gehiago disfrutatzen dut. Abeltzainekin solastu, aziendetaz disfrutatu...».
Elizondokoak gainera, bereziki maite ditu «feriek indar ikaragarria hartu dute, Elizondoko herriak apustua egin du feria bizirik mantentzeko eta zeraman martxa txar horri buelta emateko. Azken lau bortz urtetan nabari da aldea». Merkatu plazan izanen dira aurtengoan ere Elizaldeko aziendak «Elizondoko herriak eskatzen die abeltzainei aziendak eramateko».
Etorkizunari buruz baikor
Abeltzaintzaren etorkizunari buruz galdetuta, arras ikuspegi positiboa du «lehiaketan gazteri pila batek parte hartu du, desfilera ateratzen ziren aunitz gazteak ziren. Lehiaketetan abeltzainen seme-alabak ikusten dira behiak bazkatzen, garbitzen eta haiekin paseoan. Horrek ilusioa sortzen du, ikusten da ez dela itzaltzen ari, badela segida». Eta Elizondoko feriei buruz ere halatsu solasten du «indartzeko lan egin da eta emaitzak eman dituela nabari da. Uste dut feriek ondorengo urteetan ere segida izanen dutela».