«Tonbolako irabaziekin udaran Saharatik etortzen diren haurren bidaiak ordaintzen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2016ko urriaren 26a

Lupe Zubeldia, Saharaztaneko kidea.

Lupe ZUBELDIA  •  Saharaztan elkarteko kidea

Elizondoko ferietan izaten diren ehunka posturen artean, urtero jarri ohi du berea Saharaztan elkarteak. Bertan, tonbolako sariak erroskila goxoen usainarekin nahasten dira. Ortziralean eta larunbatean, goiz eta arratsaldez, jartzen dute postua eta arrakasta handia izaten du «3.000 boleto inguru saltzen ditugu eta Arizkungo taldetxo batek egiten dituen dozenaka etxeko erros­kila ere bai». Boleto saridunak,batzuk, saririk gabekoak bertzeak «Sahararekiko elkartasun kei­nuak dira denak». Elkartasuna tonbolan eta baita aitzinetik ere, «eskual­deko ko­mertzio eta enpresen laguntza azpimarra­tu behar da, beraiek ematen dituzte eta sariak osatu ahal izateko puskak».  

 

Elkarteak duen diru-iturri garrantzitsue­netakoa da tonbola «udan Saharatik etortzen diren haurren bidaiak ordaintzen ditugu irabaziekin». 30 haur etorri dira aurtengoan eta «kopurua handia da», are gehiago laguntzak urriak direnean ­«zo­naldeko udaletxe batzuk diru-laguntza ematen dute baina bertzerik ez da iza­ten. Kamiseta salmentak, boletoak, Elkar­tasun eguna... dira gure diru-iturriak».

 

Sahararekin hartu-eman estua

Duela bortz urte inguru sartu zen Lupe Saharaztan elkartean «senarraren lehengusina batek Saharako neska bat hartzen zuen udan eta familiak behar zirela ikusita animatu egin ginen».  Aurten,  Bake­lekuko proiektuan aritu da lanean eta ­«arras esperientzia ona» izan dela dio.

Saharaztan elkartea hogei familiatik goitik osatzen dute eta Sahararekin duten hartu-ema­na estua da «urte osoan zehar gure laguntza izaten dute. Sendagaiak, elikagaiak.... behar badituzte bilketa kanpaina bereziak egiten­ ditugu. Iazko abenduan adibidez, uhol­deak izan ziren Saharan eta diru-bilketa kanpaina bat egin genuen. Lortutako dirua eramanez bertara bidaiatu zuten elkarteko kide batzuk eta behar ziren gauzak erosi eta etxeak eraiki­tzen lagundu zieten».

 

Beharrezkoa den laguntza

Sahararrek aitzinera egin ahal izateko denen laguntza beharrezkoa dela dio «elkarteko kide izan nahi duenak aski du guregana hurbiltzea. Denak ongi etorriak izanen dira. Batean edo bertzean,  bakoitzak ahal duena eginez, ziur izanen dutela laguntzeko modua». Horretaz gain, dirua emanez, tonbolan boletoak erosiz... Saharaztanek antolatzen dituen ekimenetan parte hartzen dutenei ere eskerrak eman nahi izan dizkie «arras kontent gaude, edozein gauza antolatzen dugularik erantzuna oso ona izaten delako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun