Ikama ikasle antolakunde abertzaleak Baztan-Bidasoko herri eskolak antolatu ditu urriaren 12an, «jaiegun arrotzaren aitzinean gure desadostasunak aldarrikatzeko». Berako Espidobaita elkartean izanen da jardunaldia eta goizean hasiko da egitaraua.
Etxalarren bizi den Víctor Masferrer kataluniarraren Denboraren materia proiektua ikusgai izanen da Lesakako liburutegian urriaren 8tik 30era. Proiektu honek eskultura eta prozesu gailu bat proposatzen du, liburutegiko airea bildu eta poliki-poliki ur bihurtzen duena. Kondentsazio sistema baten bidez, espazioan dabilen eta arnasten den airea tanta moduan ikusgarri bihurtzen da, liburutegian emandako denbora partekatua materia ukigarri bihurtuz.
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da urriaren 15ean, eta horren harira, Baztango Kultura Zerbitzuak bertako emakumeen antzinako irudiak paratuko ditu ikusgai Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko 1. solairuan. Urriaren 1etik 31ra egonen da irekia, lanegunetan 16:00etatik 20:00etara.