Berako bestetako egun handia da gaur eta ohiko egitarauaz gain, Kataku ostatuko terrazan kontzertu handia entzuteko aukera izanen da, herriko seme baten eskutik gainera. Izan ere, Joseba B. Lenoir Gang bandak emanaldia eskainiko du, astelehenean 17:30ean.
Igantziko Udalak sanmigeletako esku programaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu du aurtengoan ere. Lanak abuztuaren 10era bitarte aurkez daitezke. Marrazkiz edo argazkiz eginak aurkezten ahal dira lanak, 27x19 cm-ko neurriarekin. Derrigorrez, Igantzi. Sanmigelak 2026 testua agertu beharko da.
Usaian bezala, Larrungo Koloreak elkarteko kideek egindako margolanak ikusteko aukera izanen da asteotan, uztailaren 29tik agorrilaren 9ra, 10:30etik 18:00etara Lur Berri gelan.
Tomas Sobrino Habans artista elizondoarrak También el mar erakusketa aurkeztuko du bihar, 19:30ean Arizkunenean, eta bere margolanak ikusgai egonen dira kultur etxeko lehenbiziko solairuan abuztuaren 30era arte.
Uztaila akitu eta abuztua hasi, biak besta giroan eginen dituzte Beintza-Labaiengo herritarrek. Beti bezala, bi egunez Beintzan eta bertze bi egunez Labaienen izanen dituzte ekitaldiak eta ez dute ongi pasatzeko aitzakiarik faltako.