Plaza Zaharrak Bizirik egitasmoak Areson izanen du bere bigarren saioa. Ekainaren 7, igandean, 11:00etan egin dute hitzordua herriko plazan.
Baztango Udalaren eta Arraiozko Parrokiaren laguntzarekin, kontzertu berezia antolatu dute ekainaren 7an Baztango Koro Ttikik eta Landarbasoko Dizdizka Abesbatzak. 12:00etan elizan eginen dute emanaldia eta sarrera debalde izanen da.
Nafarroako Klima aldaketa erakusketa Etxalarko Pello Apezetxea Kultur Etxean egonen da ikusgai ekainaren 1etik 11ra, euskaraz. Publiko guztientzat irekia egonen da, doan, eta inprimaki bat eskuragarri egonen da jendeak erakusketaren gaineko oharrak eta iritziak idatz ditzan. Gainera, Klima aldaketara egokitzea Nafarroan izeneko solasaldia emanen du Fernando Señar Beak, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoko zuzendariak ekainaren 9an, asteartean 17:30ean.
Ekitaldiz beteriko asteburua izanen da ekainaren hasierakoa. Ekainaren 6an, 18:00etan Etxalarko VII. Ardi Zakur Lehiaketa izanen da errota pareko zelaian. Roger Jauretxe Izar zakurrarekin, Marzel Hualde Umil zakurrarekin, Jean Paul Irikin Orai zakurrarekin eta Gaizka Etxaniz Laster zakurrarekin Urtsua Saria eskuratzeko lehiatuko dira, hain zuzen, Urtsuko Jorge Arizaleta zenaren omenez jokatuko baita. 22:00etan Etxalarko dantzari, kantari eta musikarien ikuskizuna izanen da frontoian.