Altxatak dena prest du igande honetan Etxalarko XXXIII. Gasna eta Artisau Feria ospatzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 4a

Jendetza espero dute igandean Etxalarren, Gasna eta Artisau Feriaren 33. edizioan. Argazkia iazko ediziokoa da.

Ekitaldiz beteriko asteburua izanen da ekainaren hasierakoa. Ekainaren 6an, 18:00etan Etxalarko VII. Ardi Zakur Lehiaketa izanen da errota pareko zelaian. Roger Jauretxe Izar zakurrarekin, Marzel Hualde Umil zakurrarekin, Jean Paul Irikin Orai zakurrarekin eta Gaizka Etxaniz Laster zakurrarekin Urtsua Saria eskuratzeko lehiatuko dira, hain zuzen, Urtsuko Jorge Arizaleta zenaren omenez jokatuko baita. 22:00etan Etxalarko dantzari, kantari eta musikarien ikuskizuna izanen da frontoian.

XXXIII. Gasna eta Artisau Feria igandean

Igandean goizetik izanen da mugimendua herrian, Gasna eta Artisau Feriaren hogeita hamahirugarren edizioa ospatuko baita. 10:00etan azokaren irekiera eginen dute trikitilariekin. Artisau azoka 10:00etatik 14:00etara egonen da eta, bitarte horretan, talo postua jarriko du Altxatak. 11:00ak arte gasna lehiaketako gasnak aurkezteko aukera izanen da. Lehiaketa honetara ardi latxaren esne gordinarekin egindako gasnak aurkezten ahal dira, gutienez 60 egunez onduak. Baztan, Malerreka, Bertizarana, Bortziriak, Xareta edo Leitzaldean bizi diren gasnagileek aurkez daitezke, bakoitza gasna bakarrarekin, eta 20 euro ordainduko zaie. 13:30ean izanen da sari banaketa. Bitarte horretan Nafarroa kanta taldeak azoka girotuko du eta ardi mozte erakustaldia eta zirian erretako ardiki pintxoak dastatzeko aukera ere izanen da. Goiz osoan Iriondoan baserriko lan tresnen erakusketa eta eskola zaharretan eskulan ikastaroko lanak ikusgai egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun