Igande honetan, maiatzak 24, Mendekoste egunaren hamahirugarren edizioa ospatuko dute Dantxarinean, Dantxarineko Merkatarien Elkarteak antolatuta. Mendekoste eguna 1940. hamarkadakoa da, Bigarren Mundu Gerra pasatu ondotik, mugak zenbait urtez itxita gelditu zirenean. Muga soilik Mendekoste astelehenean irekitzen ziren eta egun horretan Dantxarinean, mugako bi aldeetako familiak biltzeko aukera zuten.
Lesakako Abesbatzak ongietorria ematen dio udaberriari, abesbatzak eta Jose Luis Etxetxipia Paris organo jotzaileak maiatzaren 24an, igandean 18:30ean, Lesakako San Martin elizan eskainiko duten kontzertu bat eskainiz. Pieza batzuk organoarekin bakarrik interpretatuko dira, eta bertze batzuk abesbatzarekin batera. Kontzertua pantaila handi batean proiektatuko da, elizako koruan egiten den interpretazio musikala ikusteko.
Amaiur, Arizkun, Elizondo, Erratzu eta Iruritako etxeen 1925 eta 2026 bitarteko argazkiak biltzen ditu 'Harria eta argia' erakusketak eta maiatzaren 29ra arte daude ikusgai Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Astelehenetik ortziralera irekiko dute, 16:30etik 20:00etara.