Kontzertu honek Lesakako Abesbatzarentzat eta Jose Luis Etxetxipia organistarentzat motibazio berezia dakar. Duela urte batzuk, interprete horiek Organorako Nafarroako musika zikloaren barrenean kontzertu batean parte hartu zuten, baina orduan Lesakako organoak urte batzuk geroago egin ahal izan den zaharberritzea behar zuen. Urte hartan, 2019an, ez zegoen Roqués Organoaren Lagunen Elkarterik ere, prozesu honetan eta San Martin elizako organoa Lesakako bizitza kulturalean modu biziagoan sartzean hain garrantzitsua izan dena.
1893an eraikitako organoa
Horri buruz behin baino gehiagotan azpimarratu den arren, garrantzitsua da gogoratzea Lesakako Tourseko San Martin elizako organoa, alde batetik, kalitate handiko instrumentua dela, 1893an Roqués anaiek eraikia. Baina, era berean, garrantzitsua da gogoratzea musika tresna hori izan dela Lesakako musikaren jardueraren eta irakaskuntzaren erdigunea hainbat urtez, eta horrek eragin du lesakar aunitzek oraindik ere maitasun handia izatea eta hura zaharberritzen aktiboki lagundu izana.
Hemen musikari aunitz trebatu ziren, eta horietako batzuk arlo ezberdinetan nabarmendu ziren; baina, guziaren gainetik, instrumentu honek Lesakako kulturari eta gizarteari zerbitzu paregabea eman dio. Hori dela eta, hau ez da kontzertu bat soilik, baizik eta elkartze bat eta instrumentu horrek herrian sortzen duen mirespenaren erakusle bat, baita gerora organo hori ezagutu duten baina bere bokazio artistikoaren zati garrantzitsutzat jotzen duten musikarien aldetik ere.