Irlandan egun seinalatua da San Patrick, eta «bertako askapen borroka gogoan, ospakizun ttipia» eginen dute Amezti elkartean, irlandar garagardoak dastatu eta musika aditzeko aukerarekin. Eguna berez martxoaren 17an bada ere, greba dela eta 18ra gibeleratu dute ospakizuna, 19:00etatik 21:00etara.
Trantsizio ekosozialari eta energetikoari buruzko mahai ingurua izanen da martxoaren 18an, heldu den asteazkenean 19:00etan Lesakako Arrano elkartean. Lorea Flores (Stop Fosilak dinamikako kidea eta Hego Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea) eta Gorka Laurnaga (Stop Fosilak dinamikako kidea eta Jauzi Ekosozialeko kidea) izanen dira hizlari eta Berria egunkariko Iratxe Muxika kazetaria moderatzaile.
Gaurtik aitzinera ikusgai izanen da Tren txikitoa: Bidasoaren memoria argazki erakusketa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Apirilaren 16ra bisitatzen ahalko da, astelehenetik ortziralera 16:30etik 20:00etara.