Lesakako Osasun Zentroak jakinarazi duenez, edoskitzearen inguruko tailerrak eginen dituzte martxoan, apirilean eta maiatzean ere. Elixabete Lameirinhas eta Anne Karrikaburu pediatriako erizainek zuzenduko dituzte saioak.
Juan Miguel Munarrizek Origen e historia de la lengua vasca: de enigma a prototipo liburua aurkeztuko du ortzegunean, martxoaren 20an, 19:00etan Arizkunenea kultur etxean. Aurkezpena gaztelaniaz izanen da.
Lesakako Beti Gazte elkarteak joskintza tailerra antolatu du berriz ere, oraingoan otsailaren 3tik apirilaren 29ra. Kurtso osorako prezioa 15 eurokoa da eta Beti Gazteko bazkideei irekitako ikastaroa da.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu ditu Bortzirietan Berdintasun Zerbitzuak, horietako zenbait Lesakan. Martxoaren 8an Bortzirietako Emakumeen* Mendi Itzulia egin zuten Otsangon. Arratsaldean, berriz, mugimendu feministak deitutako manifestazioa eta III. Mundu Gerra taldearen kontzertua izan ziren.