Udako bakantzak finituta, aste honetan bueltatu da lanera. Baina lanetik aparte, azken asteotan baditu bertzelako kontuak buruan; buruilaren 12an hasiko dituzten herriko bestak, konparazione.
Sarako bestak antolatzeaz arduratzen den komiteko kidea da Zozaia. Ez da atzo goizean hasitakoa: «Orain bederatzi urte sartu nintzen Sarako komitean eta badira zortzi urte bulegoan naizela». Kontatu duenez, 16 eta 28 urte bitarteko gazteek osatzen dute komitea: «Bulegoko kideok bestak antolatzen, pentsatzen eta prestatzen ditugu. Bulegoan hamabortz gara eta bakoitzak bere funtzioa du». Gainerakoan, «besten kari, denak mugitzen eta inplikatzen» direla esplikatu du.
«Sorpresa ttipiak izanen dira bestetan baina sekretua guretzat atxikiko dugu»
Otsailean hasi ziren bestak prestatzen eta dagoeneko prest dute egitaraua. «Ekimen berriak ekartzen entseatu» direla dio, eta «sorpresa ttipiak» izanen direla zehaztu du. Baina ez du gehiago kontatu: «Sekretua guretzat atxikiko dugu!».
Herriko bestak «bereziak»
Maite ditu Sarako bestak. Hori bistan da. «Biziki bereziak» iruditzen zaizkio eta «ez dizut hori erraten saratarra naizelako!», gehitu du. «Eskeak egiten dira bestak baino bi aste lehenago. Eskeetan, herritarren etxeetara joaten gara, trago bat, afaria edo bazkaria, ideia berriak, herriko berriak... partekatzen ditugu eta herritarrek dirua ematen digute, nahi edo ahal badute. Diru honekin, besta guziak finantzatzen ditugu. Herriko Etxeak ez digu dirulaguntzarik ematen, nahiz eta sustengu osoa ematen digun. Hori da Sarako bestetako berezitasun nagusia, herritarrek eta komiteko kideek bestak antolatzen eta finantzatzen dituzte». Bestek «bertze berezitasun ainitz» dituztela erran du, «baina horien deskubritzeko, Sarara etorri behar da».
Egun guziek «haien xarma»
Bestetatik gehien gustatzen zaion eguna hautatzeko galdetu diogu, baina «zaila zait egun bat hautatzea», dio: «Larunbateko gaua, bere kontzertu ederrekin, maite dut. Igande arratsaldean, plaza jendez bete-betea izaten da, karroen goaitean... Izigarri hunkigarria da. Astelehenak baditu bere sorpresak. Asteartean Sarako Gaztetxeak dantzarazten digu eta aldi guziz, biziki goxo da. Asteazkena, azken eguna, herritar ttipi eta handiak nekazaritza azokan dira, Pontxen ikusgarrian, bertso poteoan, Joselu Anaiak-en kontzertuan... edo ostatuan!». Bere hitzetan, «egun guziek badute xarma eta ez nuke lortuko egun bat hautatzen. Uste dut saratar guzien kasua dela!».
Karroen desfilea bereziena
Ekitaldi bat hautatzeko eskatuta, ordea, ez du dudarik izan: «karroen desfilea». Hona arrazoia: «Hilabete edo aste batzuk lehenago, karroak sekretuki prestatzen, apaintzen eta eraikitzen ditugu. Igande goizean, denak elkartzen gara eta herriko itzulia egiten dugu, ostatuetan geldituz. 16:00 aldean, ez bagara berandu, plazara arribatzen gara eta denei erakusten dizkiegu. Biziki hunkigarria da eta saratar guziak enekin ados izanen dira!».
«Karroen desfilea biziki hunkigarria da eta saratar guziak enekin ados izanen dira»
Haurra zeneko besten oroitzapenak ere baditu: «Uste dut, Sarako haur guziek bezala, ene gurasoen moltsa husten nuela karruseletara joatean! Gainerakoan, karroen desfileaz, bertso saioz eta taloen gustu goxoaz oroitzen naiz». Zozaiaren ustez, geroztik «belaunaldi bakoitzak bere aldaketak edo ideiak» utzi ditu bestetan. Adibide bat aipatu du: «Lehen bertso saioa plazan egiten zen. Baina bertsolariekin aipatuz, bertso poteoa egiteko ideia atera zen. Aldaketa horren ondorioz, bertso saioaren balioa handitua da. Urtero aldaketa ttipi batzuk egiten entseatzen gara, baina Sarako besten arima bera ez da sekula aldatuko».
Gomita
Eta finitzeko bestetarako gomita. Lehenbizikoa herritarrei: «Gu prest gara, emeki gauzak plantan ezarri ditugu, ideia berriak murgilarazi ditugu eta herritarrak gozarazi nahi ditugu. Bestetan elkarrekin gozatzeko parada ukanen dugu. Gure balioak argitan ezarriz, Larhun xokoan den gure herriaz harro izan gaitezen! Aupa Sara eta bere herritarrak». Eta bertze gomita bisitariei, «denak ongi etorriak» direla azpimarratuz: «Zatozte Sarako bestetako sorpresen deskubritzera, dantzalekuan dantzatzera eta ostatuan euskaraz kalakan aritzera edo gozatzera!».